argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herria Bizirik ekimena aurkeztu dute, azpiegitura handien aurka eta landa eremua zaintzearen alde mobilizatzeko
  • Hainbat eragile ekologistak bat egin dute indarrak metatu eta mobilizazio bateratua deitzeko. "Natura benetan babesteko politikak" exijitzeko, manifestazioa egingo dute maiatzaren 20an Gasteizen.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko otsailaren 22a
Produkzio sistema berregituratzeko moduko politikak eskatu ditu Euskal Herria Bizirik plataforma sortu berriak. (Argazkia: Araba Bizirik / ALEAtik hartuta)

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hogei eragile ekologista elkartu dira Euskal Herria Bizirik-en, naturaren ondarea eta landa eremua zaindu eta defendatzeko, eta azpiegitura proiektu handien aurka jarduteko. Tartean dira, besteak beste, Ekologistak Martxan, AHT Gelditu, AHTaren Kontrako Asanblada, Arabako Mendiak Aske, Gipuzkoako Mendiak Aske, Enkarterri Bizirik, baita tokiko hainbat talde ere, eta Lapurdiko, Nafarroako Beherako, Nafarroa Garaiko eta Zuberoako eragileen atxikimendua ere jaso dutela adierazi dute.

Lehen hitzordu nagusia maiatzaren 20rako ezarri dute: manifestazioa Gasteizen. Horrez gain, apirilaren 22rako Erdiz Bizirik plataformak Iruñerako deitu duen manifestazioa babestu du Euskal Herria Bizirikek, eta jakinarazi, asteburu honetatik hasita, bilerak egingo dituztela hainbat eragile ekologistarekin –lehena larunbat honetan, Ziordian–.

"Azpiegitura berri ugariren eraso bortitza"

"Kezkagarria da ikustea nola inbertitzaile handiak gure lurraldera datozen berriz ere, ingurune naturala hondatzen jarraitzeko eta orain arte kontserbatu diren baliabide natural urriak lapurtzen segitzeko", adierazi dute manifestuan. AHTarekin urteak eta urteak daramatzate lanean agintari politikoek eta erdi egina dagoen arren amaierarik ikusten ez zaion proiektua da, baina horrez gain, azken urte eta hilabeteetako balizko azpiegitura handiengan jarri dute fokua, zentral eoliko eta fotovoltaikoetan.

"Trenbide proiektu eta azpiegiturak, zentral eolikoak edo fotovoltaikoak eta horiei dagozkien banaketa-lineak, erraustegiak, negutegi industrialak eta animaliak hazteko ustiapen intentsiboko fabrikak. Horiek guztiak agertzen dira Euskal Herriko mapan, jada martxan dauden proiektuak edo laster gauzatzekoak direlako. Proiektu horiek eremu komunalak eta laborantza lurrak bereganatzen dituzte, gure lurraldea egituratzen duten eta bizitzari eusten dioten ekosistemen desagertzea dakartelarik". Hala ohartarazi dute oharrean, eta uste dute halako proiektuek landa eremua eta bertako bizimodua "apurka-apurka desegitea" ekarriko duela, komunitate txikiak eta baserriak "desagerraraziz".

(Informazio gehiagorako, ikus Estitxu Eizagirrek ARGIAra ekarritakoa: Eusko Jaurlaritzak aurreikusten dituen energia berriztagarrien proiektuen mapa).

Horrez gain, azpimarratu dute diru publikoa patrika pribatuetara eramateko abiatzen dituztela halako proiektuak, bai politikari askok baita enpresa handiek ere. Horregatik, legeak "korporazio handien interesetara" egokitzen dituztela adierazi dute.

Produkzio sistema berregituratzeko aldarria

Euskal Herria Bizirik plataformaren ustez, trantsizio energetikoa edo deskarbonizazioa bezalako terminoek "ez dute zentzurik" gaur egungo krisi ekosoziala "eragin duten berberek behin eta berriz erabiltzen dituztenean".

Uste dute kontsumo neurrigabea bultzatzen duela merkatuaren logikak, eta hura aldatu gabe ez dela krisi ekosoziala gaindituko. Horregatik eskatu dituzte produkzio sistema berregituratzeko moduko politikak, "produkzio sistema ondasun komunala hobetzera" bideratzeko.