argia.eus
INPRIMATU
Azora inbertsio funtsak bertan behera utzi du Donostian familia baten etxegabetzea
  • Etxegabetzeen aurkako mobilizazioei esker, etxegabetze bat gelditzea lortu dute. Hala adierazi du ostiralean Rosa Garciak aktibistak. Halere, oraindik lan asko geratzen dela ohartarazi du. Azken orduetan jakinarazi diete Donostiako Ategorrieta hiribideko 43. zenbakian bizi den familia baten etxegabetzea bertan behera utzi duela Azora inbertsio funtsak, eta beraz, Alejandra eta bere hiru semeak ez dira kalean geratuko. Apirilaren 27rako zegoen aurreikusita etxegabetzea.

Irutxuloko Hitza @irutxulo 2022ko otsailaren 07a
Etxe kaleratzeen aurkako protesta. Argazkia: Irutxuloko Hitza.

Stop Kaleratzeak, Alokairu Benta Berri eta Azoraren Maizterrak taldeek, ordea, borrokan jarraituko dute. Oraindik familia asko daude etxegabetze arriskuan Groseko inguru honetan. Besteak beste, Iñaki Setien eta Rosa Mari Arratibel bikotea. Izan ere, Ategorrieta hiribideko hainbat familiaren etorkizuna kolokan jarri du Azora funtsak. Alokairu kontratua bukatu zaie, eta berritzeko ordaintzen dutena %33 igo nahi diete. Onartu ezean, giltzak itzuli eta etxea utzi behar dutela jakinarazi zieten iaz eskutitz baten bidez.

Setienek eta Arratibelek martxoaren 16an utzi behar dute etxea. Beste hamar familiari ere kontratua bukatuko zaie laster. Egun 750 eta 900 euro arteko errentak dituzte, eta kostata ordaintzen dituzte, euren diru sarreren %40a gainditzen dute eta. Kontratu berri bat nahi dute, eta alokairuen gaineko KPIan oinarritutako igoera bat ordaintzeko prest daude. Hori da Azorarekin negoziatu nahi dutena. Alejandrak ere kontratu hau negoziatu nahi du. Izan ere, etxegabetzea bertan behera utzi du Azorak, baina orain akordio bat falta da.

Gaur hainbat lagun kalera atera dira, eta Groseko Pinudi plazan elkartu dira Ategorrietako familiei babesa ematera. Saretxe Groseko etxebizitzaren aldeko sindikatuak, LAB, ESK eta CCOO sindikatuek, eta Elkarrekin Podemos eta EH Bilduk ere babestu dute gaurko mobilizazioa.