argia.eus
INPRIMATU
Azora funts putreak Donostian herritar batzuk etxetik bota dituela salatu dute
  • Donostiako Gros auzoan, Azora putre funtsak jabetzan duten etxebizitzetako batetik Ertzaintzak bizilagun batzuk bota dituztela salatu dute. Hilabeteak dira erakunde hau auzokideak beren etxeetatik botatzen ari dela salatzen ari direla etxebizitza eskubidearekin loturiko mugimenduak. Inguruan babesa adierazten ari zirenen aurka oldartu da borra kolpeka. Ertzaintzak etxebizitzako atea bota eta bi pertsona atera ditu. Donostiako Okupazio Bulegoak salatu du legez kanpoko hustea izan dela, eta Ertzaintzaren aurka salaketa jartzea planteatzen ari dira, ARGIAk jakin duenez.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko azaroaren 02a

Groseko Galtzada Nagusiko 10. atarian, Azora putre funtsak duen etxebizitza batean izan da Ertzaintza. Noticias de Gipuzkoa egunkarian informatu dute etxebizitza horretan alarma aktibatu dela eta Ertzaintza horregatik hurbildu dela hara.

Zenbait agente etxebizitzan zeuden auzokideekin hitz egitera igo dira, eta kalean egon direnekin ere hitz egin dute hasiera batean, bertan izan zen Irutxuloko Hitzako Beñat Parrak jaso duenez. Gertatzen ari zenaren argazkiak egiten ari zen herritar bat ere identifikatu dute, azken urteetan beti egin ohi duten bezala, irudien egileari hauekin egiten duen erabileraz mehatxu inplizitua eginez.

Gerora, ordea, istiluetarako materiala jantzi dituzte hogei agentek, borrak eta ezkutuak barne, eta bertan jarrera baketsuan ziren herritarrak kolpatzen hasi dira. Irutxuloko Hitzako kazetaria ere kolpatu dute nahiz eta kazetari gisa identifikatu, honek bideoan jaso duenez.

Ertzaintzak etxebizitzako atea indarrez bota du barruan zeudenek azaldu dutenez, eta haiek ere lurrera bota dituzte. Tentsio uneak bizitu dira orduan, eta kalean zeudenen aurka egin du berriro Poliziak. Etxebizitza barruan zeuden pertsonak ordu luzez inkomunikatuta eta eskuak lotuta izan dituztela salatu du dute.

Ertzaintzak atea hautsi duen uneko bideoa argitaratu du ARGIAk.

Kontzentrazioa 20:00etan

Katalunia plazan kontzentrazioa deitu du Saretxek, “etxegabetzeen kontra eta desmerkantilizazioaren alde”.