Kataluniako Maizterren Sindikatuak duela hiru urte jarri zuen salaketa Espainiako hirugarren funts putre handiena den Azoraren aurka. Alokairuko kontratuetan ezartzen zituen hamar klausula salatu zituen sindikatuak, eta horietatik bederatzi ezeztatzeko agindua eman dio Bartzelonako epaitegi batek Azorari. Tankerako lehen ebazpena da Espainiako Estatuan, eta Maizterren Sindikatuaren ustez balio dezake "beste milaka abusu kasu geldiarazteko". Donostian Azoraren Maizterrak plataforma sortu zuten enpresaren etxe kaleratzeak salatzeko.
Alokairuzko etxebizitzen kontratuetan "gehiegizko klausulak" ezartzeagatik zigortu dute Katalunian Azora funts putrea. Kataluniako Maizterren Sindikatuak duela hiru urte jarri zuen salaketa, Ronda abokatuen elkartearekin eta Silvia Torres Azoraren jabetzako etxebizitzako maizterrarekin batera. Hamar klausula salatu zituzten, eta horietatik bederatzitan arrazoia eman die Bartzelonako epaile batek hiru urteren ostean.
Espainiako Estatuan lehen aldia da funts putre baten jarduera zigortzen dela. Maizterren Sindikatuak ohar bidez eman du "garaipenaren" berri, eta baikor agertu da auzi honek funts putreen "beste milaka abusu kasu geldiarazteko" ateak ireki dituelakoan. Azora funts putreak Bilboko eta Donostiako autobus geltokiak erosi berri ditu, eta Donostian haren aurkako plataforma ere sortu dute, Azoraren Maizterrak deiturikoa, etxegabetzeak salatzeko.
"Abusuzko" bederatzi klausula
Silvia Torres Granollers herriko bizilaguna da, eta salatu du Azorak alokairua hileko 690 eurotatik 1.100era igo diola hiru urteko epean. Orain epaitegi batek ebatzi du, hain zuzen, ez dela legezkoa KPI kontsumo prezioen indizearen gainetik garestitzea alokairua.
Azorak kontratuak presiopean eta hirugarren pertsonen lekukotzarik gabe sinatzera behartzen ditu maizterrak
Beste zortzi klausulagatik ere zigortu dute Azora. Besteak beste, kontratuak presiopean sinatzera derrigortzen ditu maizterrak funts putreak, hirugarren pertsonekin kontsultatzeko aukerarik eman gabe. Torresek dokumentua sinatzeko azken hitzorduan ikusi zuen kontratua lehen aldiz, hura aztertzeko denborarik izan gabe.
"Neurriz kanpoko" zigorrak ere ezartzen ditu funts putreak bere kontratuetan. Besteak beste, fidantzarik ez itzultzea pareta zuriak margotzeagatik, edota kanpo arrazoiengatik sortutako arazoak maizterraren bizkar uztea.
Azorak indargabetu egin beharko du, halaber, tartekako ikuskapenak egiteko klausula. Tarteka etxebizitzaren egoera gainbegiratzeko bisitak egiteko eskumena hartzen zuen funts putreak, baina epaitegiak ebatzi du maizterrak etxebizitza uztean soilik frogatu beharko duela kalterik egin ez izana.
Milaka etxebizitzekin espekulatzen
Azora funts putrea Espainiako Estatuko hirugarren handiena da: 13.000 etxebizitza ditu jabetzan eta beste 20.000 kudeatzen ditu.