argia.eus
INPRIMATU
Azokako postutik begira
  • Goizean goizetik norbere postuan aste guztiko lana mahai gainean jarriz. Bateko bezperan bildutako aza, azenario, sagar eta intxaur, besteko hilabete ontzen edukitako gazta edo ezti ontziratu berria. Hasi dira joan etorrian karro, kapaxo eta motxilak. Bati fruta erosi, besteari ogia, lagunekin izango duen bazkarirako menua prestatu…

Mattin Jauregi Inaxio Arin Balerdipeko erleak @balerdipeko 2023ko azaroaren 27a
Tolosako azoka, larunbata goizetan. Argazkia: euskadigastronomica.eus

Baina nor da azokara gerturatu dena bere erosketak egitera? Karrorik gabe, eskuak atzean ikusmira dabilenak ia postu guztietan esaten ditu kontuak baina erosketarik ez du egiten, eta karro handia daramanak jendea izango du bazkaltzen, denetik sartzen baitu bertan.

Azoka ez da toki txarra kontuak esateko eta entzuteko, galdetzeko zergatik ez zaizkion norberari postukoak bezain porru ederrak atera, edo zergatik dagoen eztia aurreko astekoa baino ilunago…

Tratua zuzena da erosle saltzaileen artean, izenez ez bada baserriaren izenez ezagutzen gaituzte astero pasatzen direnek. Baloratzen dute produktua, ekoizlea eta tratua, baita guk beraiek ere. Azokako erosleek mantentzen baitute lehen sektorearen zati bat bizirik.

Beharrik ez duten erosleak ere pasatzen dira postutik, "aste honetan badut eztia eta hurrengoan erosiko" duela esatera. Ez al da zoragarria?

Horregatik egiten dugu lan, ilusioz beterik azokan produkturik ederrenak edukitzeko, gure erosleen arteko tratuak hartu emanean jarrai dezan.

Badakizu, tarterik baduzu pasa azokatik: bada zer ikusi, ikasi eta erosi.