argia.eus
INPRIMATU
Hasiera jendetsuaren ondoren, bigarren eguna du gaur Azokak
  • Durangoko Azoka indartsu abiatu zen atzo eta gaur bigarren eguna bizitzen ari da. Areto nagusiak 10:30etan ireki ditu ateak berriro ere. Ideia batzuk krisi madarikatu hau gainditzeko aurkeztuko dute Javier eta Koikili Lertxundik. Pako Aristik jarriko du martxan Ahotsenea Independentziaren paperak liburua aurkeztuz. Egunean zehar Kafe aleak, Briganthya eta Esku Hori liburuak aurkeztuko dituzte, besteak beste. Aretoa musikaz ere beteko da: Nerver Surrender, Willis Drumond, Xabi San Sebastian eta beste hainbat izango dira bertan.

Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2012ko abenduaren 07a

Irudienean Arrasate 1936: emakumea, gerra era errepresioa eta Gazta Zati Bat dokumentala ikusi ahal izango dira, besteak beste. Saguganbara, K@bia, Szenatokia eta Plateruena guneetan ere hainbat ekintza prestatu dituzte. Azkenekoan, esaterako, “Ijito gaua” egongo da 22:00etan: Nire kera zurearen palian dao ikuskizuna eskainiko dute Amets Arzallusek, Arkaitz Estiballesek, Las Fanysek, Vembrulek, Bienmesabek eta Jorge Pisak.

Hainbat idazle eta musikari atzo

Hainbat artista pasa ziren atzo Azokatik. Musikarien artean Fermin Muguruza, Josu Bergara, Betagarri, Vendetta, Anari, Su Ta Gar… Idazleen artean Kirmen Uribe eta Toti Martinez de Lezea izan ziren liburu gehien sinatu zituztenak. Jende ugari hurbildu zn Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoengana ere.

Argizaiola saria jaso zuen Benito Lertxundik eta Jon Maiak gidatutako “Gauean argi” ekitaldian bera izan zen protagonista. “Belaunaldiz belaunaldi, kantuz kantu geure burua ezagutzeko bide bat izan da Benito” adierazi zuten ekitaldian. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak ere Lertxundi gogorarazi zuen Azokako harrera ekitaldian, 1966an Ez Dok Amairu taldearekin kantari zebileneko garaia.

Kulturaren topagunea izateaz gain, aldarrikapen gunea ere bada Durangoko Azoka. Independentistak sareak deituriko manifestazio jendetsua izan zen atzo. "Estaturik gabe ezin dela kultura sustatu" adierazi zuten ekitaldian.