argia.eus
INPRIMATU
Aznar politikara buelta liteke
  • Politikara itzul litekeela esan du Espainiako presidente ohi Jose Maria Aznarrek Antena 3 telebista katean. Zehazki zera erantzun du balizko itzulera bati buruz galdetu diotenean: “Nire kontzientziarekin, alderdiarekin eta herrialdearekin dudan erantzukizuna ez dut inoiz saihestu eta ez dut saihestuko, ez izan inongo dudarik”.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko maiatzaren 22a
Aznar, aurreko elkarrizketa batean (Argazkia: eltelevisero.blogspot.com)

Espainiako Estatuko gaurkotasunari buruz aritu da, eta ez du Mariano Rajoyren Gobernua guztiz babestu, esplizituki arbuiatu ez badu ere. Presidentea balitz zergak jaitsiko lituzkeela adierazi du, “premiazkoa” dela uste baitu. Rajoyk, berriz, igo egin ditu eta ez dirudi epe motzean fiskalitatean aldaketak egingo dituenik.

Rajoy berriro bere ere ondorengo aukeratuko lukeen galdetzean, gai “interesgarria” dela erantzun du. Hala ere, azpimarratu du momentu honetan alferrikakoa dela horretan aritzea. Esan duenez, ez da egindako erabakiez damutzen.

Kataluniako egoeraz ere mintzatu da Aznar. “Itun konstituzionalak haustea, legalitatea ekiditea eta sezesioa defendatzea oso larria da”, haren ustez. Presidente ohiak nabarmendu du “espainiar nazioaren sendotasuna berreskuratu” behar dela eta Espainaren batasuna ziurtatu beharko litzatekeela “ondorio guztiekin”.

Alderdi Popularrean kargua izan duenean ustelkeriarik ez dela egon nabarmendu du Aznarrek, haren ordainketa guztiak legalak eta deklaratuak izan direlako.

Elkarrizketaren pasarte batzuk jasotzen ditu honako bideoak: