argia.eus
INPRIMATU
Azkue enpresa langileei saltzeko baimena eman du epaileak
  • 30 langile ohik eta hainbat inbertitzaile industrialek Lan Elkartea osatu dute eta 2 milioi euro ordainduko dute Azpeitiko Azcue y Cía altzari lantegi zaharreko ondasun eta makinariarengatik.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2015eko urtarrilaren 26a
Langile ohiek eta enpresa berriko arduradunek Azpeitian emandako prentsaurrekoa (arg: Argazki Press / Juan Carlos Ruiz)

Dena ondo bidean otsailean ekingo dio Azkue berriak parketen produkzioari. Donostiako Merkataritza Auzitegiko Pedro Malagon epaileak langile ohien eskaintza onartu du, 2 milioi euro, eta atzera bota ditu enpresaren hartzekodunen (Kutxabank, Bankinter, Banco Santander…) pretentsioak: 5,5 milioi euro eskatzen zituzten enpresa zaharraren gaineko hipoteka kitatzeko.

Malagonen agindua errekurritu egin daiteke, baina enpresako lehendakari Xabier Oleagaren ustez “erabakigarria” izan da epaileak egin berri duen urratsa, Urola Kostako Hitzak jaso duenez. “Hilabeteko epea edukiko dugu enpresa erosteko”, azaldu du Oleagak. Aurreikuspenen arabera 2016an 100 langile izango lituzke enpresa berriak.

Langileek balore-zorroa kudeatzeko sozietate batean bildu dute euren ekarpena eta ordezkaritza izango dute administrazio kontseiluan. Horrez gain, Antonio Ceballos eta Faustino García-Moncó altzarigintza sektoreko enpresari kantabriarrek ere inbertitu dute Lan Elkarte Mugatuan.

Proiektuak ASLE Euskadiko Lan Sozietateen elkartearen laguntza eta aholkularitza izan du. Lan sozietate edo elkarte mugatu nahiz anonimoak (SLL eta SAL akronimoekin ezagunak) ekonomia sozialaren parte dira: langileak kapital sozialaren %51ren jabe dira gutxienez.

Azcue y Cía, enpresa historikoa

1933an sortua, altzarigintza arloko enpresa historikoa izan da urtetan Azpeitiko Azcue y Cía. Etxegintzaren krisiarekin hondoa jo zuen eta 2012an hartzekodunen konkurtsoan sartu zen. 120 lanpostu galdu ziren.

2014ko uztailean enpresaren ondarea enkantera ateratzeko zorian zela, langile ohi batzuek osatutako talde eragileak Lan Elkarte bat sortzeko proposamena aurkeztu zion konkurtso administratzaileari. Geroztik, enpresa berria eratzeko urratsak eman dituzte langileek eta aurki zabalduko dituzte berriz lantegiko ateak.