EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.
Azkoitiko Udalak (Gipuzkoa) ostegun honetan eginiko udal osoko bilkuran erabaki du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea. Adostasun zabalarekin hartutako erabakia izan da. Azkoitiko udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du, EAJ (7), EH Bildu (6) eta Azkoitia Bai (3) taldeetakoena. PSE-EEko zinegotzi bakarrak bozkatu du aurka.
Irailaz geroztik UEMAko kide izateko eskaera egin duen seigarren herria da Azkoitia; azken asteotan Zeanurik, Mendexak, Berrobik, Hondarribiak eta Lezok ere hala egin dute. UEMAk larunbatean egingo du batzar irekia, Orion, eta orduan onartuko dituzte sei herrion eskaerak. 107 udal izango dira UEMAko kide, eta denen artean 342.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuko dute.