Diario Vasco-k esan du Azkoitiko Larkek "eraikuntzatik jasotzen dituen hondakinen %100 birziklatzea aurreikusten" duela eta horrela dagoela jasota Jaurlaritzak aste honetan argitaratu duen ingurumen-inpaktu txostenean. Larkek aurkeztu duen makinariarekin ezinezkoa da hori, eta gainera Jaurlaritzaren txostenak ez du horrelakorik esaten.
Diario Vasco-k apirilaren 10ean zera azpimarratu du (erredakzioan itzulia): "Azkoitiko eraikuntzako hondakin ez arriskutsuentzako balorizazio plantak jasotzen dituen eskonbroen %100 birziklatu edo berrerabiltzea aurreikusten du. Horrela jasotzen du Jaurlaritzak proiektua baimenduz argitaratutako txostenak".
Hauxe da eraikuntzako eta eraispeneko hondakinei buruz Jaurlaritzaren txostenak esaten duena: "Hondakinak motaren arabera sailkatuta, hondakin ez arriskutsuen zati bat balorizatuko da, eta sortuko den produktua tratatu den materialaren propietateen, granulometriaren, hezetasunaren eta makinari emandako aginduen araberakoa izango da". "Zati bat" balorizatuko dela dio, inondik ere ez %100.
Aurrerago zehazten du zer egingo duen Larke enpresak balorizatu dituen eskonbroekin, eta balorizatu ez dituenekin: "Balorizatu diren hondakinak obra baimendunetara garraiatuko dira, baldin eta hondakinok obra horietan erabiltzea bideragarria bada. Gainerako hondakinak kudeatzaile/balorizatzaile baimendu bati eramango zaizkio, garraiolari baimenduen bitartez".
Enpresak benetan Diario Vascok adierazita bezala eskonbroen %100 birziklatu edo berrerabili nahi badu, Jaurlaritzari txostenean adierazi diona baino makinaria gehiago beharko du. Birringailu bat alokairuan (Trakpactor 320) eta triaje-lerro zintadun bat dira txostean adierazi dituen bakarrak.
Eraikitze eta eraispen lanetatik datozen hondakinak %100 balorizatzen duenik ez dago. Balorizazio kopuru handiena planta finkoek lortzen dute, %90 birziklatzen dute haiek emandako datuen arabera, eta hauek dira EAEko planta finkoak. Hemen ikus daiteke darabilten makinaria, Larkek adierazitakoa baino askoz konpletoagoa (gazteleraz).
Gainerako planta mugikorrek (Azkoitikoak, aurkeztu duen makinariagatik, horrela izango da) birziklatzea lortzen duten kopurua oso aldakorra da, jaso duten eskonbro motaren araberakoa, baina %100dik oso urrun geratzen dena, inondik ere.