argia.eus
INPRIMATU
Azkoitiko EAJ: “Ezezkoa ematen diogu Azkarateko plantari”
  • Maxixatzen hedabideak argitaratu du EAJk bertara bidali duen gutuna. Azkoitiko plantari ezezkoa emango diola dio, "eraikuntza eta eraispen hondakinen planta bat baino gehiago" delako eta ez duelako "herriaren zatiketa areagotzerik nahi". Urola Erdiko Mankomunitateari eskatu dio Lapatxen eraikuntza eta eraispen hondakinei "irtenbide bat emateko". Jarraian, erabaki horren berri ematen duen EAJren iritzi artikuluaren zatia.

Azkoitiko Maxixatzen @maxixatzen 2020ko ekainaren 01
Argazkia: Maxixatzen.

"Azkoitiko EAJ/PNVk ezezkoa ematen dio Azkarateko plantari, eraikuntza eta eraispen hondakinen planta bat baino gehiago delako (aurreikusitako urteko gehienezko 183.000 tonatik 20.000 tona ez dira eraikuntza eta eraispen hondakinak), bailarako premietatik askoz haratago doalako eta ez dugulako herriaren zatiketa areagotzerik nahi. Zentzu horretan, alkateak eta Udal Gobernuak baldintza gisa jarritako ahobatekotasunaren beharra guztiz babesten dugu.

Horrek ez du esan nahi, ordea, arazoa dagoela ukatzen dugunik, bere unean Urola Erdiko Mankomunitatean ikusi zen moduan. Horregatik mankomunitateari eskatzen diogu bailarako beharren inguruko azterketa sakon bat egitea. Bere garaian, Urola Erdiko Mankomunitatean, EH Bildu tarteko, aho batez hartu zen eraikuntza eta eraispen hondakinei Lapatxen bertan irtenbide bat ematearen aldeko erabakia, baina ezin izan zen gauzatu legedi eta estatutu eragozpenak tarteko. Bide hura berreskuratu eta sakontzeko eskatzen diogu, gaur gaurkoz Lapatxek obra txikietatik eratorritako eraikuntza eta eraispen hondakinak soilik eta kopuru bateraino jasotzen dituelako. Ondorioz, gainerako erakundeekin lankidetzan, bailararen premiak behar den bezala aztertu eta beharrik balego, irtenbide bat ematea eskatzen diogu, obra txiki hauetatik haratago doazen eraikuntza eta eraispen hondakinei ere.

Badakigu, egungo Toki Legediari jarraituz, Urola Erdiko Mankomunitateak, hasiera baten, udalak bezala, ez duela eskumenik eraikuntza eta eraispen hondakinak tratatzeko. Legea, ordea, aldatu daitekeen zerbait da, eta EAJ-PNVtik uste dugu hori dela jorratu beharreko bidea, ahalko balitz eraikuntza eta eraispen hondakinen kudeaketari irtenbide publiko bat emanez.

Edozein kasutan, bat gatoz kontrol publikoak areagotzearen premiarekin, horrela egiteko eskatzen diogularik Lapatxi ere jasotzen dituen eraikuntza eta eraispen hondakin guztiekin.

Gaur arte, alderdi gisa, isilik egon gara, iritzia emateko udalak antolatutako parte hartze prozesuan zehar, bai batzuk eta bai besteek esaniko guztia kontutan hartu nahi genuelako. Askok ez dute ulertuko gure iritzia hain berandu eman izana, baina zuhur jokatu nahi genuen, gaiak baduelako bere konplexutasuna".

Iritziaren bigarren zatian, "sua itzali beharrean piztu" izenburuarekin Azkoitian gaiaren eztabaidak izan duena bilakaeraren bere interpretazioa egiten EAJk. Bertan esaten duenez, "Udal gobernuaren eta alkatearen asmoa inoiz ez da izan Azkaraten hondakin industrialen zabortegi bat egitea". EH Bilduri eskatu dio "Azkarateko hondakinen balorizazio planta, inoiz ez zela zabortegi proiektu bat izan esatea".