argia.eus
INPRIMATU
Azkoitiko alkateak hondakin planta egiteko prozesua eten du, momentuz
  • Azkoitiko alkateak berretsi du ahobetekotasunik gabe ez dela hondakin plantarik egingo eta arau subsidiarioak eten ditu, "Azkarateko plantaren inguruan behin betiko erabakia hartu bitartean".

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 24a
Javier Zubizarreta, Azkoitiko alkatea. Argazkia: Azkoitiko Udala.

Apirilaren 23 arratsaldean Hirigintza Batzordea egin dute eta han emandako azalpenak argitaratu ditu Azkoitiko Udaleko webguneak: "Lasaitasun giroa bermatzen laguntzeko eta gaizki ulertuak saihesteko xedez, arauen aldaketa – hainbat aldaketa hartzen ditu barne – bertan behera geratuko da momentuz ezer erabaki arte". Batzordean alderdiei azaldu zaizkie zein urrats eman behar diren arau subsidiarioen aldaketa "atzera eramateko, adostasunik lortu ezean, eta ondorioz, birziklatze plantaren proiektuari bideragarritasunik ez ematea erabakitzen den kasuan".

Atzera eramate horrek berak izapide jakin batzuk eskatzen ditu legediaren arabera, baina "guztiz egingarria da", udalak nabarmendu duenez.

Behin betiko erabakia "partaidetza prozesuaren ondoren"

Udalak adierazi duenez, Azkoitiko hondakin plantari buruzko behin betiko erabakia "Hirigintza Batzordearen bueltan burutuko den partaidetza prozesuaren ondoren hartuko da". Partaidetza prozesu hori "alarma egoera amaitu ondoren" martxan jartzeko asmoa dutela iragarri dute.