Uztailaren 8an egingo du asanblada Azkoiti Zutikek. Lehen ekintza euren herrian egin zen Batzar Nagusien aurreko elkarretaratzea izan zuen. Biharko asanbladan lantzen jarraituko dute zer nahi duten izatea, zein gai jarri ardatzean, inguruko herriekin harremana...
Ekaina bukaeran deitu zuten Azkoiti Zutikeko lehen asanblada. Deialdia egin zuen kideetako batek kontatu digunez "Gipuzkoa Zutik Donostian egin zen hartan, Azkoitiko batzuek joan izan ginen, baina guretzako Donostia urrutik zegoen, ezin genuen lantaldeetan hurrengo egunetarako ardurarik hartu, ez maiztasunez parte hartu. Gure herrian saiakera egitea pentsatu genuen eta kartel bat jarri. Dozena bat lagun espero genituen, eta 25 herritar elkartu ginen. Kristoren sorpresa izan zen. Donostiakoak oihartzuna izan zuen seinale".
Lehen asanblada hartatik aniztasuna azpimarratu du "gazteak zaharrekin asanbladan aritzea, eta koadrila ezberdinetakoak, ederra da. Funtzionatzeko modu horizontalean ez dakigu lan egiten, eta horretan gorri. Zer egin behar dugu? galdetzen zuen batek, eta erantzuna, ba, nahi duguna!".
Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrean
Asanblada horretan atera zen Gipuzkoako Batzarra Azkoitian egingo zela uztailaren 2an, eta elkarretaratzea egiteko ideia. "Azkoititik 40-50 lagun elkartu ginen. Asko da, eta ilusio handia nabari zen. Gure sentsazioa zen herria oso geldi zegoela, eta orain badirudi ez dagoela hain geldi!".
Hurrengo asanblada, uztailaren 8an
Arratsaldeko 18:30etan plazan elkartuko da Azkoiti Zutik asanblada. Bakoitzean erabakitzen dute hurrengo asanblada zein egunetan egingo den. Ostiraleko asanblada horretan landuko dute, besteak beste, Azkoiti Zutik zer izatea nahi duten, zein gai jarriko dituzten erdigunean, baita inguruko herriekiko izan nahi duten harremana ere... Batzar Nagusien aurreko elkarretaratzean kide bat atxilotu zuten eta uztailaren 19an pasako du epaiketa azkarra. Horren aurrean zer egin ere aztertuko dute bihar "atxiloketa eta epaiketa hau aurrera egiteko motibo bat gehiago dira", azaldu du kideak.
Mozal Legearen mehatxua jasan ostean, gaia lantzeari ekingo dio 22an Azkoitia Zutikek. Eleak-Libreko Zigor Olabarriak hitzaldia emango du 19:00etan plazan.