argia.eus
INPRIMATU
Aezkoa bailarako gasolindegi bakarrak abendura arte irekita jarraituko du
  • Astearen hasieran jakin zen datorren astelehenetik aurrera Nafarroako Aezkoa bailara bertako gasolindegi gabe geratuko zela, eroslerik aurkitu ezean, oraingo jabeak Aribeko gasolindegia ixtea erabaki zuelako.

ARGIA @argia 2020ko abuztuaren 28a
Aribeko gasolindegia. (Arg.: Diario de Noticias)

Gasolina hartzeko, beraz, Aezkoako bailarako 853 biztanleak Oronzera (26 kilometro) edo Aurizberrira (11 kilometro) jo beharko zuten Aribeko saltokia itxiz gero. Horrez gain, bertan da baita ere janari saltoki bakarra eta hau ere itxiko zen. Azkenean, ordea, jasotako presio eta eskaerak aintzat hartuta, jabeak abendura arte irekita mantenduko du.

Diario de Noticias-ek argitaratu duenez, José Javier Remontegui da gasolindegiaren jabea eta martxoan ere itxi nahi izan zuen, baina orduan, Aribeko alkateak eta herritarrek egindako presioen ondorioz, onartu zuen abuztuaren 30a arte irekita eustea. Orbaizetako Koldo Landak du orain alokatua gasolindegia eta, dioenez, alokairuaren gorakadek ezinezkoa egiten zuten negozioarekin aurrera jarraitzea.

Nafarroako landa eremua populazioa galtzen ari da urtetik urtera eta halako zerbitzu galerek ez dute laguntzen herritarrek euren herrietan bizitzen jarrai dezaten. Orain lau hilabete dute bertako herritar eta agintariek gaiari aurre nola egin aztertzeko.