argia.eus
INPRIMATU
Azken zenbakia argitaratu du ‘Aldiri’ arkitektura aldizkariak
  • Hamabi urteko ibilbideari itxiera emango dio Aldiri arkitektura aldizkariak. Kalean da dagoeneko 45. eta azken zenbakia, Epilogoa izendatu dutena.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 02a
'Aldiri' aldizkariaren 42. zenbakiaren azala

Iazko ekainean eman genuen Aldiri arkitektura aldizkariaren agurraren berri, eta hilabete batzuk pasa diren honetan, kalean da jada proiektuari itxiera emango dion zenbakia. 45. zenbakia izango da azkena, eta Epilogoa izendatu dute. Bertan, aldizkariaren ibilbidea gertutik jarraitu duten autoreen ekarpenak jaso dituzte.

Arkitektura "gizartea eraldatzen" duen diziplina dela jabetuta eta euskaraz sortu nahi zutelako ekin zioten 2009ko uztailean Aldiri. Arkitektura eta Abar aldizkaria argitaratzeari, Ibai Gandiaga eta Unai Fernandez de Betoño arkitektoek. Hastapen haietan ziotenez "guk irakurri nahiko genuken aldizkaria idatziz orain arte zegoen hutsunea" bete nahi zuten.

Proiektuari amaiera emateko arrazoiak ez dituzte aipatzeke utzi, eta " papereko formatuaren gainbehera" zein " idazle falta" aipatu dituzte. Azken arrazoi horrekin loturan, hala adierazi dute: "Azken urteotan zaila egin zaigu paper-ak jasotzea, norbaiti tiraka ibili garen sentsazioa izan dugu sarritan. Izan daiteke euskaraz arkitekturaren inguruko gaiez hainbeste ez dela idazten, eta urtean lau ale argiratzeko material urria dugula pentsatu dugu". Aspektu horrekin loturan, aipatu nahi izan dute, baita ere, idazleei egindako kritikak minez jasoak izan direla maiz: "Aldizkari zientifikoa zer den eta nola funtzionatzen duen agian ez dago oso zabaldua, eta idazleak kritika jasotzea ere mingarria suertatu da kasu batzuetan. Lehen esan bezala, iritzi-artikuluak eta artikulu zientifikoak onartu izan ditugu Aldirin. Zientifiko moduan argitaratzeko baina, ikerketa arrazoitua izatea eskatu izan dugu, ikerketa-aurrekariak, garapena eta ondorioak argi adierazi beharraz. Hori garatzea zaila izaten da arkitektura eta ingurukoetan, zeinetan subjektibotasunak indar handia hartzen duen. Are gehiago gure herrian, zeinean ideologiari loturiko lerratzeek pisu handia izan duten".

Horri guztiari batu zaio azken urteetan prozesua forma edota emaitza baino garrantzia handiagoa hartzen joan izana, eta baliabideak helmugak baino pisu gehiago hartu izana. "Aldiri helburu batekin jaio zen, arkitekturari buruz euskarazko materiala edukitzea, sortzea eta biltzea. Beharbada orain euskaraz aritzea izan daiteke helburua, alegia, prozesua bera euskaratzea".

"Eginikoarekin pozik eta harro", eta etorkizunari baikor begiratuz eman diote amaiera proiektuari. Izan ere, posible ikusten dute aurrera begirakoan antzerako proiektu batek agerpena egitea, eta halakorik pozez hartuko luketela aurreratu dute.

Ez dute pertsiana guztiz jaitsi nahi izan hamabi urteotan ondoan izandako ilustrazio-, komiki- eta azal-egileei, eta UEUri eskerrak eman gabe.