argia.eus
INPRIMATU
Azken zazpi urteetan bikoiztu egin dira buru osasunagatik hartutako bajak Espainiako Estatuan
  • Gazteen artean izan da nabarmenena igoera: 2019tik %91 hazi da baja kopurua. Emakumezkoen bajak, berriz, ia bikoitza izan dira gizonezkoekin alderatuta. Konfinamenduan jo zuen goia buru osasunagatiko baja kopuruak, baina aurtengo maiatzean kopuru hori gainditu egin da.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 05a
Buru nahasmenduena hirugarren baja luzeena da Espainiako estatuan.

2016ko urtarriletik 2023ko uztailera bikoiztu egin da buru osasunaren ondorioz baja hartu duen langile kopurua Espainiako Estatuan. Eldiario.es-ek Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren datuak eskuratu eta aztertu ditu: 163.000 baja zenbatu zituzten 2016ko urtarriletik uztailera, eta 338.000 aurtengo epe berean.

Gazteen eta emakumeen artean izan da nabarmenena igoera. 2019ko urtarriletik hona, 16 eta 25 urteko pertsonen artean %91 handitu da buru osasunaren ondorioz hartutako baja kopurua. 26 eta 35 urte bitarte dituztenen artean ere asko hazi da, %48. Generoari dagokionez, emakumeek hartutako bajen zenbatekoa ia bikoitza da gizonezkoek hartutakoekin alderatuta: 2023ko maiatzean emakumeenak 37.000 ziren, gizonenak 19.600 ziren bitartean.

Konfinamenduko zifrak gaindituta

2020ko martxoan, konfinamenduarekin batera jo zuen goia buru nahasteen ondorioz baja hartutako langile kopuruak. Nabarmen egin zuen gora aurreko hilabetetik (34.000 izan ziren otsailean, eta 51.000 martxoan). Behera egin du geroztik, aurtengo maiatzera arte (56.000). Adin tarte gehienetan 2021eko martxora arte joera beherakorra izan da, baina geroztik gora egin du berriz ere.

Hego Euskal Herrian, Bizkaia da arrazoi horrengatik portzentualki baja gehien dituen lurraldea, guztien %6,7. Haren atzetik daude Gipuzkoa (%6), Araba (%5,5) eta Nafarroa (%4,5).

Buru nahasmenduena hirugarren baja mota luzeena da Espainiako Estatuan, batez beste 108 egun luzatzen baita. Horien aurretik daude tumoreen eta zirkulazio aparatuko gaixotasunen ondorioz hartutako bajak.