Euskal Herri mailako topaketak antolatu dituzte hainbat gaztetxe eta gazte asanbladatako gazteek urriaren 19rako, Leitzan (Nafarroa). Mugimenduaren egoeraz eta egitekoez hausnartu, elkarren artean saretu, eta borrokarako indartzea dute helburu. Idatziz erantzun diete ARGIAren galderei topaketen antolaketako kide Martin Urkiaga Zabalak eta Arrate Mendizabal Etxebarrietak
Ekainean aurkeztu zenituzten Topaketak “modu ireki, asanbleario eta horizontalean” prestatu dituzuela azaldu duzue. Nolakoa izan da prozesua eta zenbat gaztetxe eta gazte asanbladak hartu duzue parte?
Egia da Euskal Herri mailako gaztetxe eta gazte asanbladen topaketak egin izan direla aldian aldiro, ez ordea azken urteetan. Horregatik, faltan sumatzen genuen herri ezberdinetako gazteak elkartu eta modu kolektiboan mugimenduaren egoeraren, ditugun erronka eta oztopoen edota okupazioaren eta autogestioaren inguruan hausnartzea.
Horregatik erabaki genuen topaketak antolatzeko prozesua martxan jartzea. Hilabeteetan luzatu den prozesua izan da, ahalik eta toki gehienetako jendeak parte hartzeko aukera izan zezan. Zazpi lurraldeetako hamarnaka gaztek hartu dute parte modu batera edo bestera antolaketa prozesuan, eta beste hainbestek egunean bertan hurbiltzeko asmoa adierazi digute.
"Zazpi lurraldeetako hamarnaka gaztek hartu dute parte modu batera edo bestera antolaketa prozesuan, eta beste hainbestek egunean bertan hurbiltzeko asmoa adierazi digute"
Mugimenduan “atomizazioa eta polarizazioa” dagoela adierazi zenuten, eta topaketek horri erantzuteko helburua ere badutela. Topaketen antolaketan parte hartu duzuen gaztetxe eta gazte asanbladek zein ikuspegi duzue?
Ukaezina da Euskal Herriko gazte mugimenduaren egoerak eragin zuzena duela gaztetxe eta gazte asanbladetan ere. Azken urte hauetan nagusitu diren eztabaida edota desadostasunek gaztetxe eta gazte asanbladek zuten eraldaketarako gaitasuna eta erakargarritasuna murriztu dutela uste dugu.
Prozesuan parte hartu dugun gazteok pentsatzen dugu gaztetxe eta gazte asanbladak ildo estrategiko edo mugimendu politiko ezberdinetako kidez osatutako espazioak izan behar dutela, minimo politiko amankomun batzuen baitan. Maila lokalean bada ere tokian tokiko problematikei erantzun eta alternatiba errealak martxan jartzeko.
Mahai-inguruak eta tailer praktikoak iragarri zenituzten, zein da egitaraua?
Gure sare sozialetan topa daitezke antolatu dugun egitarauaren inguruko xehetasun guztiak. Mugimenduaren egoeraz edota gure espazioetan ematen diren jarrera eta botere harremanez hausnartzeko tailerrak antolatu ditugu, okupazioaren eta autogestioaren inguruko formakuntza saioak, eszena musikalaren inguruko eztabaida saio bat, komunikazioa eta politikaren ingurukoa edota borroka molde ezberdinen ingurukoa. Bazkaria eta kontzertu batzuk ere izango dira, eta nahi duenak lotarako tokia izango du.
Gazteak eta gaztetxeak askotan egoten dira errepresioaren jo-puntuan. Azken urteetan izan da hustuketarik edo epaiketarik, Mozal Legea aplikatuta milaka eta milaka eurotako isunak... Nola ikusten duzue egoera?
Errepresioa sistema zapaltzaile eta bidegabe honen kontra antolatzen garen militante eta mugimendu guztiei aplikatzen zaigu, beraz ezin ditugu kasu isolatu moduan ulertu. Horregatik ezinbestekoa da horrelako kasuen aurrean indarrak batu eta elkartasun antolatuaren bitartez erantzutea.
Gure aurkakoari dagokionez, Gaztetxe eta Gazte Asanbladen kontrako desalojo saiakera, lapurreta, epaiketa, isun edota jazarpen ororen aurrean elkarrekin erantzuteko deia luzatu nahi dugu.