argia.eus
INPRIMATU
Azken unean atzera egin du Tubacexek eta langileak ez dira fabriketara joan beharko
  • Atzo arratsaldean lanera joateko agindu zien zuzendaritzak langileei. Gaur goizean lanera joan behar zutenek, ordea, etxean geratzeko agindua jaso dute, siderurgia ez baitu ezinbesteko jardueratzat jo Espainiako Gobernuko dekretuak.

Aiaraldea @aiaraldea Aitor Aspuru Saez 2020ko martxoaren 30
Tubacex enpresako Laudioko bulegoak. / Aiaraldea.eus

Gauerdian, zehazki 00:30ak aldera, mezua bidali die Tubacex taldeko zuzendaritzak langileei, jakinarazteko ez zutela fabriketara joan behar.

Izan ere, Espainiako Gobernuak BOEn argitaratutako dekretuak ez du jaso jarduera siderurgikoa ezinbestekotzat, nahiz eta zabaldutako zirriborroak hala egiten zuen.

Ondorioz, behargin gehienak euren etxeetan geratuko dira eta bakarrik joan beharko dira euren lanpostuetara ekoizpena modu antolatuan eta seguruan gelditzeko beharrezkoak direnak eta zenbait bezeroentzat bukatu behar diren eskaera kritikoak bermatu behar dituztenak.

Enpresak berak barkamena eskatu die langileei agindua hain berandu jakinarazteagatik, dekretua argitaratu arte informazioa "nahasgarria" izan delako.