argia.eus
INPRIMATU
‘Azken otsoa’ euskarazko film laburra Zinebi jaialdian lehiatuko da
  • Nazioarteko 52 film izango dira ikusgai azaroaren 9tik 16ra bitartean, tartean euskara hutsean ekoitzitako Iker Maguregiren Azken Otsoa fikziozko lana eta beste bost Euskal Herrian grabatutakoak. Bilboko Golem zinemetan proiektatuko dira.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko azaroaren 08a
"Azken otsoa" film laburreko irudi bat.

Bihar arratsean emango zaio hasiera hirurogei urte betetzen dituen Zinebi jaialdiari. Bilboko Arriaga antzokian izango da irekiera ekitaldia, eta bertan Mariano Llinos zinemagile argentinarra omenduko dute, “sorkuntzarako duen erradikaltasun estetikoa” goraipatuz.

Ekitaldian Ohorezko Mikelaldia emango diote. Lan berria ere aurkeztuko du Llinosek, 14 ordu irauten dituen La Flor filma –hiru egunez jarraian proiektatuko dute Azkuna Zentroan, azaroaren 11tik 13ra, arratsaldeko bostetan–. Itxiera ekitaldian bestalde, bigarren Ohorezko Mikelaldi bat emango da, Apichatpong Weerasethakul zinemagile thailandiarrari. Honen “errealitatea eta fantasia naturaltasunez uztartzeko duen gaitasuna” omenduko da.

124 herrialdetako 3.770 lanek egin zuten eskaera Zinebiko Sari Ofizialean lehiatzeko, eta horietatik 52 aukeratu zituen epaimahaiak. Tartean Euskal Herrian ekoitziak diren seik, eta euskara hutsean grabatua den batek; hori da Iker Maguregiren Azken otsoa film laburra. Honakoak dira lehiatuko diren eta gurean ekoitziak diren lanak: Bodgar Muresanuren Cadoul de cracium; Maria Elorzaren Ancora lucciole; Maider Fernandezen Amor siempre; Richard Sahagunen Il dolce far; eta Teresa Sendagortaren It is All Right Here. Orotara, 22 fikziozko film, animaziozko hamaika eta 18 dokumental ikusi ahal izango dira.

Aurten hirugarren aldiz ZIFF Zinebi First Film lehiaketa ere egingo da: opera prime-i bideratutako nazioarteko lehiaketa. Bost film izango dira lehian, hauek azpimarragarrienak: Andrea Bussman zinemagilearen Fausto (Kanada, 2018) eta Lousie Donschenen Casanovagen (Alemania, 2018).

Euskal Herriko zinemagintzari eskainitako Bertoko Begiradak saila ere ikusgai izango da. 19 film labur eta dokumental emitituko dira –tartean Sail Ofizialean lehiatuko direnak– Bilboko BBK aretoan, hilaren 12tik 15era.

Larunbatean, Euskal Zinemaren Eguna

Euskal Herriko zinemagintzaren “iragana, oraina eta etorkizuna omentzeko” prestatu dute egun hau. Solasaldiak eta tailerrak egingo dira, baina horrez gain, Sail Ofizialean lehiatuko duten euskal film laburren emanaldia izango da Azkuna Zentroko auditoriumean, arratsaldeko bost t’erdietan, eta horren ondoren euskal zinemagileak omenduko dituzte Bilboko Arte Ederren Museoan.

Ohorezko Mikeldi Bereziak banatuko dituzte bertan, azken 60 urteetan zinemagintzan jardun diren hainbat lagunen artean; besteak beste, Jose Antonio Sistiagak, Jose Angel Rebolledok, Anton Marikaetxeberriak eta Ramon Bareak jasoko dute garaikurra.