argia.eus
INPRIMATU
Azken ikasturtean Hezkuntza Ikuskaritzak 100 eskola jazarpen kasu identifikatu ditu
  • Identifikatutako kasuen ehuneko handiena Bigarren Hezkuntzan izan dira, ehun kasutik 63. Azpimarratu beharrekoa da jazarpen hauen %25 internet, sare sozial edo bestelako bitarteko zibernetikoen bidez egin dela. Bestalde, ISEI irakats sistema ebaluatzeko eta ikertzeko erakundeak egindako azterketaren arabera, ikasleen %18,9k ziurtatu dute tratu txarrak jasaten dituztela eskolan.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko maiatzaren 04a
Iturria: Ordiziako Jakintza Ikastola/ Flickr

2019-2020 ikasturtean 100 jazarpen kasu identifikatu ditu Hezkuntza Ikuskaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, aztertutako 795 kasuen %12,58. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak Gasteizen aurkeztu ditu datuak.

Aztertutako kasuak igo egin dira azken urtean: 2018-2019 ikasturtean 755 izatetik 795 izatera pasatu dira 2019-2020an, eta jazarpen kasu bezala identifikatutako kasuak 96 izatetik 100 izatera igaro dira. Datuak ehunekotan aztertuz gero, identifikatutako kasuen kopurua paretsua dela ikus daiteke, %12,72tik %12,58ra igaro da.

Identifikatutako kasuen ehuneko handiena Bigarren Hezkuntzan izan dira, ehun kasuetik 63. Azpimarratu beharrekoa da jazarpen hauen %25 internet, sare sozial edo bestelako bitarteko zibernetikoen bidez egin dela.

Azken hamarkadan aztertutako kasu kopurua hamar aldiz hazi da

Azken hamarkadan hamar aldiz handitu da Hezkuntza Ikuskaritzak aztertu dituen kasuak: 2008-2009 ikasturtean 75 kasu izatetik, joan den ikasturtean 795 izatera. Baina behin aztertuta jazarpen gisa izendatu dituenak ez dira proportzio berean hazi: 39 izan ziren 2008-2009an eta 100 iaz.

Ikasleen %18,9k dio tratu txarrak jasaten dituztela eskolan

Bestalde, Berria Irati Urdalleta kazetariak jaso duenez, ikasleen %18,9k ziurtatu dute tratu txarrak jasaten dituztela eskolan. ISEI irakats sistema ebaluatzeko eta ikertzeko erakundeak, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean egindako agerraldian eman ditu datuak. Hauen arabera, mutilen %20,3ak jasaten du bullying-a eta nesken kasuan %17,8ak. Lehen hezkuntzako ikasleen %20,3k jasaten dituzten txartu txarrak eskolan eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen kasuan %17,8ra jaisten da kopurua.

Tratu txarren biktimen erdiek baino gehiagok lagunekin hitz egiten du. Irakasleak eta tutoreak lagunak baino gutxiagotan esku hartzen dute, ikasleek adierazi dutenaren arabera. LHko biktimen ia %10ak eta DBHkoen %24 pasatxok ez dute inorekin hitz egiten.