argia.eus
INPRIMATU
“Azken iheslaria etxean izan arte” laguntzeko prest agertu dira iheslari ohiak
  • Iheslariei babesa adierazteko jendaurreko ekitaldia egin zuten Altsasun zenbait iheslari ohik larunbatean, hilak 15. “Azken iheslaria etxean egon arte” laguntzeko prest agertu ziren eta konponbide prozesuaren aldeko erabateko konpromisoa agertu zuten.

Ane Lusarreta 2014ko martxoaren 17a
150 iheslari ohik Altsasun iheslariei babesa erakutsi eta Frantziako eta Espainiako gobernuen “blokeoa” eta PPren “inboluzioaren" gainetik aurrerapausoak emateko nahia erakutsi zuten. (Arg: Naiz)

150 iheslari ohi inguru Altsasuko Iortia kultur etxean elkartu ziren, iheslariek etxera itzultzeko hartutako bidean “elkartasun eta laguntza” agertzeko.

Xabier Zubizarretak eta Aitziber Plazaolak irakurritako agirian “36ko gerratik gaurdaino pairatutako faxismoaren garaipenak ihes egiteko beharra” eragin duela adierazi zuten, eta iheslariak “etenik izan ez duen sokaren ondorengoak” direla. “Soka hori behin betiko eten behar” dela, “etenarazi” behar dela ere aldarrikatu zuten.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak helburu hori lortzeko zein bide orri proposatzen zuen esateko ekitaldia egin zuen iazko ekainean Miarritzen. Bertan aipaturiko pausoetako bat da Altsasun egindako agerpena.

Frantziako eta Espainiako gobernuen “blokeoak” eta PPren “inboluzioak” aurrera pausoak ematea “oztopatzen” dutela esan badute ere, iheslarien eta presoen kolektiboak emandako urratsak goraipatu dituzte. Gobernuak ezarritako “baldintza zailak” gaindituta “etxerako bidea” eraikitzen ari direla adierazi dute.

Gatazkaren ondorioen gordintasunaz ere hitz egin zuten agerraldian: "Gerra zikina esaten zaion jazarraldi ankerrak erakarritako deportazioaren muturreko babesgabetasun juridikoa, heriotza ere eragin duen gutxieneko bizi-baldintzarik eza, kanporaketekin orokortu zen tortura eta izua" aipatu zituen besteak beste Zubizarretak, Joxerra Senarrek Berrian jaso dituen hitzetan.

Plazaolak, berriz, herritarren garrantzia azpimarratu eta “hasitako bidea erraztu” dezaketen bakarrak herritarrak direla dela esan zuen.

Oinarrizko puntuak ezarrita

Altsasukoa ez zen Larunbateko agerraldi bakarra izan. Presoen eskubideen alorrean zenbait oinarrizko puntu bete daitezen eskatzen duen adierazpena ere aurkeztu zuten Donostiako San Telmo museoan.

Erakunde, alderdi eta kultur arlo ugaritako 25 pertsona izan ziren adierazpena aurkeztu eta euskal preso eta iheslarien Giza Eskubideak errespeta daitezen eskatu zutenak.

“Bakea erabat gauzatzeko bidean” aurrerapausoak eman nahi badira “aldebakarkeriak” baztertu behar direla adierazi zuten sinatzaileek.

Giza Eskubideen alde lan egitea ez dela "gutxi batzuen lana" gogorarazi zuten, eta "ahalik eta sare indartsu eta eraginkorrena" osatzeko deia egin zuten.