Yolandaren hilketa gaitzesteko deialdiak egin ditu Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak. Iruñean asteazkenean egin dira elkarretaratzeak, eta Bilbo, Donostia eta Gasteizen ostegunerako egin dituzte mobilizazioa deialdiak.
Urriaren 16an Iruñeko Kale Nagusiko 55. zenbakiko lehenengo solairuan izandako sutean larriki zauritu zen Yolanda, 50 urteko emakumea. Sutea honen bikotekideak eragin zuen, zeina kartzelaratu egin duten. Iruñeko emakumeen kontrako indarkeria auzitegiko titularrak honen fidantzarik gabeko behin-behineko espetxeratzea komunikatu zuen astelehenean, emakumea hiltzeko saiakera egitea leporatuta. Gizonak genero indarkeria aurrekariak ditu, Yolandak honen kontra salaketa jarria zeukan, eta ekainera arte urruntze-agindu bat izan zuen indarrean.
Gertakaria gaitzesteko, mobilizazioak deitu ditu Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak. Iruñean asteazkenean egin zen elkarretaratzea, 20:00etan Udaletxe plazan. Ordezkari politikoek, beraien partetik, eguerdiko 12:00etan minutuko isilunea egin zuten.
Ostegunean Bilbo, Donostia eta Gasteizen egingo dituzte mobilizazioak: Bilbon manifestazioa egingo da, 19:00etan Arriagatik; Donostian elkarretaratzea deitu dute, 19:00etan Boulebardean; eta Gasteizen 19:30etan egingo da elkarretaratzea, Andra Mari Zuriaren plazan. Baliteke herri gehiagotan ere zabaltzea antzerako deialdiak.