Joan den asteburuan Artxandako (Bilbo) gudari eta milizianoen monumentuari egindako erasoa salatu dute Sare Antifaxistak deitutako kontzentrazioan.
“Euskal Herria faxismo eta arrazakeriaren kontra” leloarekin astelehen arratsaldean egin dute kontzentrazioa. 1936ko biktimekiko iraina ikusi dute antifaxistek pasa den asteko pintaden atzean. Artxandako erasoaz gain, espainiar banderak jarri izana edo Hontzak konpartsak jasandako zentsura ere salatu dituzte.
Mobilizazio eta ekimen ugari egiten ari dira Bilboko Aste Nagusiaren baitan, eta horregatik hurbildutako konpartsakideei eskerrak eman dizkiete bertan bildutakoek.