argia.eus
INPRIMATU
Muga itxita gero eta migratzaile gehiago ari da elkartzen Irunen
  • Irunen elkartzen ari den migratzaile kopurua gero eta handiagoa da, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga zeharkatu ezinean geratzen dira bertan. Eusko Jaurlaritzak hauei aterpe emateko kontingentzia plana aktibatu du. 

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko martxoaren 08a
Argazkia: Irungo El Peregrino aterpetxea

Ohikoak baino 40 leku gehiago prestatu zituen ostiralean Irungo El Peregrino aterpetxeak, Hondarribian beste 50 pertsonentzako lekua eta Donostiako ikastetxe batean ere prestaketa lanak egin zituzten migratzaile gehiago iristearen aukerari aurre egiteko. Eusko Jaurlaritzaren arabera, azken egunotan Irunen elkartu diren migratzaile guztiei laguntza eskaini zaie eta ez du inork gaua kalean pasatu.

Berria egunkariak azaldu duenez, magrebtarrak eta Sahara hegoaldekoak dira gehienak. Kanariar Uharteetatik eraman zituztela Iberiar penintsulara uste da eta handik heldu direla Euskal Herrira, Europako iparraldera joateko asmotan direla. Baina bidean Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga itxita aurkitu dute. Ipar Euskal Herrira igarotzeko mugako kontrolak asko zorroztu dira COVID-19aren izurritearen ondorioz eta orain PCR proba eginda izatea ere eskatzen zaie muga igaro nahi dutenei, migratzaileak Lapurdira iristea are zailagoa bihurtuz.

Guztira 150 pertsona inguru batu direla kalkulatzen da. Hondarribiako eta Irungo aterpetxeek 106 lagun hartu dituzte, hamabost emakume eta hiru adingabe tartean. Irungo Belaskoena auzoko aterpetxeak 64 lagun jaso ditu. Irungo erromesen aterpetxeak 30 lagun eta Hondarribiko aterpetxeak hamabi hartu ditu. Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, eta Irungo, Hondarribiko eta Donostiako udalak elkarlanean ari dira baliabide horiek prestatzen.