Apirilaren 20an itzuliko dira klasera oporretatik Hego Euskal Herriko ikasleak. Euskal Herriko ikasle guztiak sartzear dira hirugarren ebaluazioan, ikasturtea gainditzeko azken txanpan. Konfinamenduak eskola etxetik jarraitu beharra ekarri du eta ondorioz, etxeko baldintza sozioekonomiko eta kulturalek ikasleen arteko arrakala handitu dute. Azken ebaluaketa egiteko moduak ekar dezake milaka gaztetxo ikasketetatik kanporatzea edo arrakala leuntzeko neurriak hartzea.
Agerian geratu da konfinamenduaren ondorioz eskola etxetik jarraitu behar izan denez, hazi egin dela ikasleen arteko arrakala akademikoa, bakoitzak bere etxeko egoera sozioekonomikoaren arabera oso baldintza ezberdinak baititu eskola presentzialaren laguntzarik gabe ikasketei eutsi ahal izateko. Eta erakunde publikoek ez diote hasieratik eutsi arrakala hori gainditzeak eskatzen duen planteamenduari eta inbertsioari.
Bakoitzak hain baldintza ezberdinetan aritu behar izan duenean, bidezkoa al da denei froga bera jarri eta berdin exijitzea? "Ez erlaxatzea", "notarik ez oparitzea" eta "merezimenduak" aipatzen dituzte aurtengo kurtso bukaerako ebaluazioa pandemiarik gabeko orain arteko ebaluazioen ahalik berdinena izatea nahi dutenek. Zorrotz itxurako jarrera horren atzean ez ote dago arrakala are gehiago handitzeko baliatzeko tentazioa, eta egoera zaurgarrienean dauden ikasleak klase sozialen arteko mailaketan koska bat beherago uzteko asmo ezkutua?
Ebaluatzeko moduarekin auzitan dagoena ez da hutsala: bere etxeko egoera sozioekonomikoa edonolakoa izanik ere guztiek ikasketetan aurrera egitea, edo egoera ahulenean daudenak ikasketetatik kanporatzea dago jokoan. "Promozioa" da guztiek aurrera egiteko gobernuek mahai gainean jarri duten irtenbidea, hau da, bakoitzak nota ezberdinak jaso arren, ikasturtea errepikatzea salbuespena izatea.
Ahulenak ikasketetatik kanporatzea dakar, aldiz, ebaluazio irizpideak zorrozteak, ikasturtea errepikatzeko ohiko baldintzei eusteak –bi edo hiru ikasgai gainditu ezean ezin hurrengo ikasturteari ekitea– eta batez ere galbahea estutzeak DBH4 eta Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 2. mailetan: izan ere, horrek ekarriko luke ikasle asko eta asko, gehienetan egoera sozioekonomiko txarrenean daudenak, titulaziorik gabe geratzea. Zer egoeratan geratuko lirateke titulatu gabeko ikasle hauek ikasketekin jarraitu ahal izateko? eta zein lan motatan aritzeko aukera zabalduko lieke horrek etorkizun oso laburrean?
Artikulu hauetan bildu ditugu lurralde bakoitzeko administrazioak azken ebaluaketarako plazaratu dituzten asmoak.
Ipar Euskal Herrian azterketarik ez da egingo hirugarren ebaluazioan