argia.eus
INPRIMATU
‘Azken dantza maisua’ dokumentala estreinatuko dute
dantzan.eus 2022ko ekainaren 03a

Pasatxo molde zaharreko dantza maisua zen. Tokian tokiko dantzak transmititzeko eta irakasteko aurreko belaunaldietako manera erabili duen azken maisua izan da. Hortik abiatuta eta bere seme dantzari eta futbolariaren figura hartuta ardatz, Beasaingo Loinaz jaietako dantzen historiari zein etorkizunari begira jarri dira dokumentaleko hamabost elkarrizketatuak.

Bira Produkzioak ekoiztetxeko Mikel Alvarezek zuzendu du dokumentala. Bere bihotzean leku berezia izango duen dokumentala izango dela dio; izan ere, mutikotan Loinaz jaietan dantzari aritua da eta Pasatxo osaba zuen. Aurtzaka dantza taldetik iritsi zitzaion proposamena eta hasieratik garbi ikusi zuen aurrera atera beharreko proiektua zela. 

Horrela, hilabete batzuen buruan, ikus-entzunezko lana osatu eta pantailaratzeko prest dute. Ekainaren 3an izango da aurrestreinaldia. Lehen saioa parte-hartzaileentzat eta gonbidatuentzat antolatu da, baina dagoeneko sarrerak agortuta daude. Estreinaldi ofiziala ekainaren 6an izango da, 20:15ean, Usurbe antzokian. Leihatilan eta kutxabanken eskuratu daitezke sarrerak.

Sinopsia

Molde zaharreko azken dantza maisua genuen Paxatxo, hainbat belaunaldiz transmititu den dantza-irakaskuntza ereduaren azken katebegia izan baita.

Bere heriotzak gogor astindu zuen Beasain, eta azken urteetan garai berrietara egokitutako ohiturak, lehen aldiz, etorkizunera begira jarri ditu kezkaz. Ba al da tradiziorik dantza maisurik gabe? Eta, azkena izango ote da?