Heriotza eta desagerketa horiek aurrean, dolu eguna ari dira antolatzen Senegalen azaroaren 13rako.
Kanariar Irlak helmuga zituzten senegaldar migratzaile asko, 480 gutxienez, hil edo desagertu egin dira aste gutxitan itsasoa zeharkatzen ari zirela. Zifra gordinenak utzi dituen naufragioa urriaren 24koa da: Europara bidean zioan eta 200 bidaiari zeramatzan ontziko motorrak eztanda egin ondotik, hondoratu egin zen, gutxienez 140 pertsonaren heriotza eraginez.
Gertakizunaren horren ondotik, Senegalgo Migrazio eta Segurtasunean berezitutako Kazetarien Elkarteak (AJMS) salatu du gobernuak ez duela deus egiten herrialdeko gazteen “perspektiba faltaren” aurrean, zeinak motibatzen dituen itsasoa zeharkatzera.
Beren aldetik, Senegalgo Gobernuko Néné Fatouma Tall eta Dame Diop ministroek PressAfrik hedabideari egindako adierazpenetan, adierazi dute ez itsasoratzen diren pertsonek ez dutela migrazio prozesua hasten soilik enplegu arazoengatik. Itsasoz bestaldea aukeraz beteta dagoela sinesteak eta familiaren presioak ere zerikusia dutela gehitu dute gobernuko ordezkariek. Hori horrela, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak (OIM) proiektu bat abiatu du migrazio irregularraren arriskuez ohartarazteko.
Heriotza eta desagerketa kopuruak utzitako zifra lazgarria tarteko, Senegalgo hainbat herritar eta elkarte dolu eguna ari dira antolatzen azaroaren 13rako. Sare sozialak baliatuko dituzte bizia galdu dutenak omentzeko eta gobernuari aterabideak exijitzeko, #Whatshappeninginsenegal eta #SènegalEnDeuil traolak erabiliz.