argia.eus
INPRIMATU
Azken astean jasandako polizia-errepresioa salatu dute Alconzako langileek
  • Berangoko (Bizkaia) Alconzako langileek 61 egun daramatzate greban, eta gaur prentsaurrekoa eman dute, azken aste honetan pairatu duten polizia-errepresioa salatzeko.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2022ko apirilaren 29a
Alconzako langileek emandako prentsaurrekoa. (Argazkia: @alconza8)

Irizar taldearen Alconza lantegitik 25 langile kaleratu ditu enpresaren zuzendaritzak azken asteotan, eta langileek greba mugagabearekin jarraitzen dute; gaur 61. greba eguna dute, eta aste honetan jasan duten polizia-errepresioa salatu dute prentsaurreko batean.

Errepresioa salatzeaz gain, kaleratutako langile guztiak lanpostura itzultzea exijitu diote zuzendaritzari; bestela, grebarekin jarraituko dutela gehitu dute: "Langileok ez dugu etsiko kaleratu dituzten lankideak berriro onartu arte", diote. Horrez gain, Alconzan lana eta egonkortasuna bermatuko duen plan industrial bat akordatzeko mahai gainean esertzea eskatu dute.

Azkenik, Irizar E-Mobility enpresan greban dauden langileei ere elkartasuna adierazi diete Alconzako langileek; izan ere, astelehen honetatik greba mugagabean daude Adunako (Gipuzkoa) Irizar E-Mobility lantegiko beharginak, hitzarmen berriaren negoziaketaren blokeo egoerarekin amaitzeko.