argia.eus
INPRIMATU
Azken astean gutxienez bost etxegabetze burutu dituzte Bilbon, Gasteizen eta Erandion
  • Ostegunean gutxienez bi etxegabetze izan ziren Erandion. Ostiralean, berriz, Bilboko Iturribide auzoan bi etxebizitzetatik zortzi bizilagun kanporatu zituzten, eta Gasteizko Zapatari kalean beste bi lagun etxegabetu zituzten.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 30
Bilbon Gizarte-larrialdietako Udal Zerbitzuaren aurrean elkarretaratzea egin zuten, kalean geratutako zortzi migratzaileei etxebizitza bermatzeko eskatzeko. (Argazkia: AZET etxebizitza sindikatua)

Azken astean gutxienez bost etxegabetze egin dituzte Erandion, Bilbon eta Gasteizen. Ostegunean, gutxienez bi etxegabetze izan ziren Erandion. Ostiralean, berriz, Bilboko Iturribide kalean bi etxegabetze izan ziren, eta, egun berean, beste bat Gasteizen.

Erandion, Caixabanken etxebizitza batetik pertsona bat kanporatu zuen Ertzaintzak, eta babesa adieraztera azaldu zirenei oldartu zitzaizkien agenteak. Bilboko Kontseilu Sozialistak salatu zuen egun horretan bertan beste etxegabetze bat ere izan zela herri horretan.

Ostiralean, berriz, Bilboko Iturribide auzoan etxebizitza-bloke bateko bi etxetatik kanporatu zituzten zortzi pertsona migratzaile. AZET etxebizitza sindikatuak elkarretaratzea egin zuen Gizarte-larrialdietako Udal Zerbitzuaren aurrean, kale gorrian utzi zituztenei etxebizitza bat bermatzeko eskatzeko. 

Egun berean, Gasteizen bi pertsona kanporatu zituzten etxebizitza batetik. Auzoan Bizi Etxebizitza Sareak salatu duenez, etxejabeak ez zieten kontraturik egin nahi izan, baina onartu egin behar izan zuten, "etxejabeek eta higiezinen agentziek dituzten filtro arrazistak" direla-eta. Hiru kasuetan, ez zuten kaleratze-jakinarazpenik jaso.

Etxegabetze saiakera, Anoetan

Goiz berean, Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatuak salatu zuen Anoetan (Gipuzkoa) familia bat etxegabetzen saiatu zela Ertzaintza. Azaldu duenez, horiek ere ez zuten kaleratze-jakinarazpenik jaso, "instituzioek izandako kudeaketa penagarria" dela-eta. Etxegabetzea ez zen gauzatu, baina sindikatuak adierazi du kaleratzeko arriskuan jarraitzen duela familiak.

Bestalde, Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatuak salatu du Hernanin familia bat etxegabetzeko arriskuan dagoela. Data ekainaren 7rako dago ezarria, eta sindikatuko kideek babesa adieraztera gerturatzeko deia egin dute.