argia.eus
INPRIMATU
Azken aldian ikusi gabeko ke zutabea Zubietako erraustegitik (bideoa)
  • Oraingoan Usurbilgo txoko anitzetatik ikusgarria izan zen, asteazken arratsaldean Zubietako erraustegia inguruko mendi aldean barrena isurtzen ari zen ke zutabea. Ofizialki "probaldi" fasean segitzen du, aste gutxi barru guztiz martxan jartzea da sustatzaileen asmoa.

Usurbilgo Noaua @noaua 2020ko irailaren 04a

Ke zutabe itzela Zubietako erraustegitik. Kea herriko puntu anitzetatik ikus zitekeen, aspaldi ez bezala. Kea mendia aldean barrena. Erraustegiko tximiniek isuritakoa. Asteazken arratsaldeko (irailak 2) irudiak dituzue albiste honi atxikitakoak. Kalezar aldetik nahiz herri erdigunetik ateratakoak.

Ordu luzez, ilundu arte erraustegiak isuri zuen ke zutabea. Azken aldian halako ke zutaberik ez zen ikusten. Bizilekua erraustegira begira duen Kalezarko bizilagun batek ere hala aipatu zigun, abuztuan zehar ez zuela hainbeste kerik ikusi. Apenas zebilen haizerik. Keak norabide argia zuen, erraustegia inguratzen duen mendi inguruan barrena barreiatu zen. 

Asteotan jarri nahi dute guztiz martxan

"Uda ostean", orduan jarri nahi omen dute Zubietako erraustegia guztiz martxan. Uda honetan zehar hortxe proiektu honen sustatzaileek egin duten aurreikuspena. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) berri eman duenez, "uda ostean", egutegia eskutan iraila aldera martxan jarri nahi dute %100ean hondakinak errausteko azpiegitura. Gogoan izan, iazko azaroaz geroztik probaldi fasean da erraustegia. Sarritan kea dario halere, azken egunotan bezala.