argia.eus
INPRIMATU
Azken alabaren azken ekarpena
  • Arabako Bertso Kuadrilla Artekoaren saio bat jokatu zen Oionen, urtarrilaren 27an, Azkenak elkartean. Legutioko Tribitu taldea eta Araba Errioxako Txandrio lehiatu ziren. Txandrio sailkatu zen finalaurrekoetarako. Hauxe duzu kronika.

Edurne Azkarate 2018ko urtarrilaren 29a
Araba Errioxako Txandrio taldea akzioan: Orlando Arreitunandia, Iker Olabarrieta eta Unai Bengoetxea. Argazkia: Ibai Roitegi.

Urtarrilak 27 zituela iritsi zen Bertso Eguna, Oionera hain zuzen ere. Azkenak elkarteari kea zerion hirurogeita hamar entzule eta parte-hartzaileon masail gorriak zirela medio. Arabako Errioxako Txandrio eta Legutioko Tribitu bertso eskolak lehiatu ziren bertan, bai, baina hasi gaitezen hasieratik.

Euskal Herriko toki honetan zerbait ospatzen dugun aldiro bezala, egun osoko plana egin genuen, izan ere, bertso saio bakoitza jaialdi bihurtu ohi zaigu. Tabernetan zehar eta Irule elkarteko trikitilariek lagunduta egin genuen beroketa bazkaltzera joan aurretik. Ostean, Oihane Pereak entrenatzen duen San Bizente ikastolako San-Bi taldeak, bertso paperekin deskortxatu zuen bertso saioa, Aldapan Gora abestiaren “Wifirik gabe” bertsioarekin. Bertsolariei bidea majo leundu zieten, Azkenaken dezibelio dantzaldia abian zen.

Bertso papera, bertso mugikorra bilakatu zen nerabeekin. Argazkia: Ibai Rotegi.

Saio puntuagarriari taldekako agurrarekin ekin zioten etxekoek, Hotel California “Ongi Etorri Errioxara” bilakatuz, horrezkero entzuleen artean bazen emozioz malkoak isuri zituenik. Araban jada klasikoa den agur probokatzaile eta originala egin zuen Tribituk, horrelakoak gara, eta gustatzen zaigu. Gauza garrantzitsuez hitz egin behar denean bezala, mahai baten bueltan jarraitu zuen saioak, lehenengo iladan pozez eta adi San-Bi taldekoak zeudela. Etxetik Orlando Arreitunandia, Iker Olabarrieta eta Unai Bengoetxea eta Zuiatik Maria Fuentes Iñaki Lertxundi eta Josu Ormaetxea zortziko handian, txikian, lau oinak emanda, bukaera emanda, puntuari erantzuten, kartzelako lanetan eta kopletan kantari jardun zuten. Bakanala. Bertsolariak bakarka ondo aritu baziren ere, taldekako lanetan kuadrilartekoaren mamia nabarmendu zen, beraz, agurrak elkarrekin abestu zituzten Aita Semeak eta Ama Alabak doinuan.

Legutioko Tribitu taldea: Maria Fuentes Iñaki Lertxundi eta Josu Ormaetxea. Argazkia: Ibai Rotegi.

Saioa amaitu eta epaileek emaitza eman zuten. Txandrio garaile! Egia esan, txandrio asko egin gabe ari dira errioxarrak aurtengo txapelketan... Ez dakizuenentzat, gure eskualdean asko erabiltzen den hitza da txandrio; etimologikoki “etxe” hitzetik omen dator eta gaiztakeriarik gabe bihurrikeria bat egitea esan nahi du, zerbait hankaz gora jartzea, nahaste-borraste bat egitea.

Gure ekosistemak nahiko txandriotuta bukatu zuen, hasieratik zegoen bezala, alegia. Izan ere, gure nortasun anitzaren islada izan zen entzulegoa, eskualdetik ez ezik Andoaindik, Eibartik eta Italiatik ere (bai, bai, Italiatik) etorri zitzaizkigun, baita bertsolaritzaren Meka bihurtu den Hernanitik ere, alabaina, beti dago elkarrengandik zer ikasi. Dirudienez larunbatean ertzak periferian batu ginen eta bertan 2018. urteko Bertso Eguna historiko bilakatu zaigu. Arabako Errioxak egokitutako taldeko saioak lehenbizikoz irabazi ondoren Arabako Kuadrilen Arteko Txapelketako finalerdietara sailkatu da!

Entzulea dena ematen, giroaren erakusgarri. Argazkia: Ibai Rotegi.

Maitasunez egiten dugun lanaren oihartzuna geratu zen Azkenaken eta hau da azken alabak egindako azken ekarpena.

Zuek zer moduz Mungian?