argia.eus
INPRIMATU
Azken aholkua

Paulo Alberdi Sololuze 2023ko apirilaren 28a

Literatura dela telebista dela, Aitorrek hiruzpalau ordu soilik egiten du lo, baina umore onez etortzen zaigu euskaltegira; Inmak bata bestearen atzetik irakurri ditu Musika airean, Jenisjoplin eta Amek ez dute; Jabierrek lan handixeagoa du Lur bat haratago leitzen; idazlerik ere badugu gure artean, eta ez nolanahikoa, gainera.

Rakel 11 urte Nikaraguan egin ondotik itzuli da euskararen altzora; Edortak are denbora luzeagoa zeraman euskaltegietatik urrun, joan den irailean ikasteari berrekin zion arte; Leire datorren urtean joango zaigu Irlandara, eta atzerriratu baino lehen amaitu nahi ditu hemengo kontu akademikoak.

Lorek eta Ainhoak iaz mintzamen-proba suspenditu zuten, aurten azterketa osoa egin beharko dute berriro; Iratxerentzat eta Mari Carmenentzat lehenengo aldia izango da; Gorka dugu guztien artean beteranoena, baina ez dago etsitzekotan, baikor aurrera egitekotan baizik.

Hizkuntzarekiko jarrera aktiboa duenak, noizbait atzera begiratu eta pozik ikusiko du euskaltegiko bidaian titulua baino zerbait gehiago jaso duela

Ikasle askok egingo diote aurre datorren astean HABEren azterketari. Batzuentzat urte osoko helmuga izango da, beste batzuentzat ikasturteko jarduera soila. Azterketako unea iristen denean, edozelan ere, guztiak asaldatuko dira, eta beste horrenbeste gertatuko zaio urtean zehar ondoan izan duten irakasleari.

Azken aholkua ematera, honakoa baino ez zait bururatzen: gogoan izan bideaz gozatzea dela inportantea. Hori irakatsi zigun Kavafis poetak: “Izan beti Itaka buruan/ Hara heltzea da zure jomuga/ Ez zaitez, hala ere, presaka ibili/ Hobe bidaia luzea bada/ Bidean ikasitako guztia soinean iritsiko zarelako”.

Euskaraz irakurri, idatzi, mintzatu, bizi. Ziur nago hizkuntzarekiko jarrera aktiboa duena noizbait iritsiko dela bere helmugara, dena delako Itaka horretara. Orduan, atzera begiratu eta pozik ikusiko du euskaltegiko bidaian titulua baino zerbait gehiago jaso duela.

Paulo Alberdi