argia.eus
INPRIMATU
Prezioen azken 30 urtetako igoerarik handiena izango du herritarren erosketa saskiak
  • Energiaren garestitzearen ondorioz KPIa (Kontsumorako Prezioen Indizea) %5,5 igo da Espainiako Estatuan, eta Hego Euskal Herrian ere halako zerbait igoko dela iragartzen du datu horrek.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko urriaren 28a
Herritarrek erasoahalmena galdu dezakete KPIaren gorakada handiaren ondorioz (argazkia: Bilbao.eus)

Argindarraren edo erregaien igoera ez da soilik elektrizitate-enpresaren fakturan edo gasolindegietan sumatuko, eredu ekonomiko hiperrazeleratu honen oinarria erauzketa bidez lorturiko energia izanik, eguneroko bizitzako gainerako gauzetan ere eragingo du, erosketa saskia kasu.

Espainiako Estatuko INE estatistika institutuak ostegun honetan eman duen datuari arretaz eta kezkaz begiratu diote aditu askok: aurtengo urrian iazkoan baino %5,5 garestiago daude oinarrizko produktuak, KPI indizearen arabera, azken 29 urtetako igoerarik hadiena. Inflazio orokor hori bi puntu igo da abuztaz geroztik, eta nahiz eta energia albo batera utziz gero beste produktuen igoera hainbestekoa ez izan (%1,4), oso kontuan hartzekoa da azpiko inflazio hori ere, apirilean zero baitzen.

Hego Euskal Herrian oraindik ez dakigu urriko datua zein izango den, baina irailekoa jadanik %4tik gora zegoen, eta ezustekorik ezean, hurrengo igoerak bat egingo du estatukoarekin, hau da, %5etik gorakoa izango da. Hala ere, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak "zuhurtzia" eskatu eta "lasaitasunerako" deia egin du. Sailburuak EiTBri adierazi dionez ez dituzte aurreikuspen ekonomikoak aldatuko.

Hilabete amaierara iristeko zailtasunak dituzten herritarrek, ordea, lasaitasunerako motibo gutxi izan dezakete, erosahalmena %5 baino gehiago murriztuko zaiela jakinda –are gutxiago araututako lan-merkatutik kanpo dauden langile prekarizatuek–. Enpresetan eta kaleetan gatazkarako erregaia isuri da negoziazio mahai gainera, galera hori euren soldata eta pentsioen bidez betikoek ordaintzen amaitu dezatela baita zenbaiten asmoa: Espainiako Bankuko gobernadore Pablo Hernández de Cosek jadanik eskatu du ez daitezela gastuen partidak KPIaren arabera igo.