argia.eus
INPRIMATU
Azken 30 urteetako ikerketa arkeologikoen bilduma argitaratu du Gipuzkoako Diputazioak
  • Azken 30 urteetan Gipuzkoan egindako ikerketa arkeologikoak biltzen dituen Arkeologia bildumako zazpi liburuak aurkeztu zituen atzo Foru Aldundiak, egitasmoan parte hartu duten zenbait aditurekin batera. Historiaurretik hasi eta XX. mendeko arkeologia industrialera arteko aurkikuntzen berri ematen dute liburuok.

2012ko urtarrilaren 13a
Aranzadi elkarteko kideak, indusketa batean.

Arkeologia bilduma osatzen duten zazpi liburuak:

1. Ehiztari-Biltzaileak Gipuzkoako Historiaurrean (Egileak: Alvaro Arrizabalagak eta Maria Jose Iriartek idatzia).

2. Lehengo Nekazari-Abeltzainak Gipuzkoan: Neolitikotik Burdin Arora (Jose Antonio Mujika eta Jose Miguel Edesorena).

3. Burdin Aroa (Xabier Peñalver eta Sonia San Jose)

4. Erromatar Arkeologia (Mertxe Urteaga eta Javier Urteaga ).

5. Erdi Aroko Arkeologia (Nerea Sarasola eta Alfredo Moraza)

6. XVII., XVIII. eta XIX. mendeko arkeologia (Marian Gereñu)

7. Arkeologia industriala: egungo egoera (Beatriz Herreras eta Josune Zaldua).

Indusketetarako laguntzen murrizketez kexu

Bildumaren aurkezpen prentsaurrekoan izan ziren arkeologoek, indusketetarako laguntzen murrizketak direla-eta kexu azaldu ziren. "Lehen, 40 lagunek urtean hilabetez egiten genituen indusketak; orain, hamabost lagunek hamabost egunez", adierazi zuen Xabier Peñalverrek.

Praileaitzeko indusketen zuzendaria da Peñalver. Bere hitzetan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak onartuko duen dekretu berria "astakeria hutsa" da. Aztarnategiaren babes eremua 50 metrotik 65 metrora handitzeko aukera ematen du dekretuak. "Orain hilabete, urte, batzuk ere, esan genuen 65 metrokoa zentzugabekeria zela", esan zuen Peñalverrek: "Ezin dugu ezagutzen dena soilik babestu galeria gehiago daudenean sedimentu arkeologikoz gainezka".