Maiatzaren 12an mobilizatu ziren enkantearen aurka herritarrak, Euskal Herriko Laborarien Batasunak (ELB) eta Lurzaindiak deiturik, eta "nehork sinesten ez zuen emaitza erdietsi genuen egun horretan borroka kolektiboari esker" zoriondu ditu ELBk herritarrak. Izan ere, akordioa lortu dute Azkarateko herriak eta bi etxe eta 31 hektarea lurren jabe den Ainciburu familiak.
ELBk azaldu duenez, "herriak hainbeste faltan dituen etxebizitzak egiten ahalko ditu eta 31 hektarea lurrak laborarien esku geldituko dira". Hori litzateke maiatzetik Azkarateko Herriko Etxeak eta Ainciburu familiak egin dituzten negoziaketetan adostutako irtenbidea. SAFER eta EPFL egiturek lagundu dituzte konponbidea lortzen.
ELBk eta Lurzaindiak adierazi dute "biziki begi onez" ikusten dutela akordio hau, lurrak eta etxeak inkantera atera balira "harrapaka erosiko zituztelako espekulatzaile batzuk". Maiatzean mobilizatu ziren herritar denak eskertu dituzte: "Beharrik Lurzaindia, ELB eta Azkarateko eta nun nahiko herritar ainitz mobilizatu ziren egun hartan ta denen ausardia eta kuraiari esker enkanteak trabatu ziren eta gibelatu behar izan zituen
epaileak".
Irailaren 10ean ospatuko ditu bere 40 urteak ELBk. Bere balioa agerian jarri du laborarien sindikatuak: "Afera hunek aldi bat gehiago erakusten dauku zoin beharrezkoa den".