argia.eus
INPRIMATU
AZET: “Desalojo honen benetako helburua AZET sindikatuaren jarduera politikoa kolpatzea izan da”
  • Astelehenean abiatu da Bilboko AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuak gauzatutako Arrakalaren okupazioaren aurkako prozesu judiziala. Sindikatuak prentsaurrekoa egin du hustea salatzeko, arduradunak seinalatzeko eta mobilizazioen berri emateko.

Amaia Lekunberri Ansola 2021eko urriaren 04a
Argazkia: Ecuador Etxea

Astelehen goizeko 09:30ean, Arrakalaren aurkako prozesu judiziala martxan jarri baino zertxobait lehenago, prentsaurrekoa egin du AZET Bilboko Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuak. Hainbat lagun bildu dira Etxebarrieta Anaien plazan, Arrakala Auzokideon Etxebizitza izandakoaren aurrean, helburu argiarekin: Arrakalaren hustea salatzea, beronen arduradun politikoak seinalatzea eta abiatuko den prozedura judizialaren aurrean egingo diren hurrengo deialdien berri ematea.

Sindikatuaren egoitza soziala, larrialdietarako etxebizitza eta ASETU Herri Biltegiaren biltegia izateko xedez okupatu zuen AZETek Arrakala, eta ekintza horrexegatik deitu dituzte hiru pertsona deklaratzera urriaren 4ko astelehen goizez. Bide penaletik jasotako hiru salaketak dira Arrakalaren aurkako prozedura judizialaren abiapuntu, baina jasandako errepresioa harago doa, mozal legea aplikatuz jarritako hiru isuni eta identifikazio arbitrarioei ere egin behar izan baitiote aurre. Izan ere, AZETeko kideek azpimarratu dutenez, apirilaren 17an espazioa jendaurrean aurkeztu zutenetik maiatzaren 11n Bilboko Udaltzaingoak desalojatu zuen arte pairatutako Poliziaren jazarpena etengabea izan zen.

Zentzu horretan, “Arrakalaren desalojorako prozedura ez arrunta eta berorren izaera politikoa” ageriko egin nahi izan dute prentsaurrekoaren bidez, “udaltzaingoaren jarrera salatuz eta hustearen arduradun politikoa seinalatuz: Bilboko Udala”. Itzulingururik gabe adierazi dute: “Desalojo honen benetako helburua AZET sindikatuaren jarduera politikoa kolpatzea izan da; krisi eta pauperizazio garaiotan gure klasearen behar materialei erantzuteko eta auto-antolakuntzarako tresna dena”.

Hustea testuinguruan ulertu beharraz ere mintzatu dira, adieraziz lotura zuzena duela “osasun publikoaren” izenean askatasun politiko eta zibilak murrizten ari diren garaiekin. “Gure kaleak eta plazak borrokan dauden lurralde bilakatu dira, non ekoizpen jarduera ez den guztia kriminalizatuta dagoen eta erreprimitua den (…) Arrakalan bizi izan dugun errepresioa eta inpunitatea normaltasun berri honen beste adibide bat dela uste dugu, antzinako normaltasun kapitalistaren erradikalizazio autoritarioa besterik ez dena”.

Manifestaziora deia

Krisi sanitario eta ekonomikoaren erdian auzokideen behar materialei erantzuteko tresnak garatzeari eta horretarako espazioak birjabetzeari ezinbesteko deritzo sindikatuak. Xede horrekin okupatu zuten Arrakala, eta espazioa hustuta ere, behar horri erantzuten jarraitzeko prestu agertu da AZET.

“Etxebizitzaren arazoa gaur egungo arazo larrienetakoa da desjabetuontzat. Gure apustua, hortaz, etxebizitzaren desmerkantilizazioaren aldeko borroka erradikala baino ezin da izan. Espekulazioaren aurrean, gehiegikeria instituzionalen aurrean eta burgesiarentzat erreskate hutsak diren etxebizitza-politiken aurrean dauzkagun tresna bakarrak antolakuntza eta klase elkartasuna dira”, egin dute irakurketa.

Jendea beren etxeetatik kaleratua den bitartean, birjabetzearen eta kolektibizazioaren aldeko apustua egingo dutela jakinarazi, eta hori berori aldarrikatzeko mobilizaziora deitu diete herritarrei. Urriaren 8an, 18:30ean, manifestazioa egingo dute Etxebarrieta Anaien plazatik abiatuta.