Jexux Eizagirre Portillok Txinako ipuin zaharrak bildu, hautatu eta hauen bertsioak idatzi ditu. ARGIAk egunean ipuin labur bat jarriko du irakurgai, eta ikusentzun ere egin ahalko ditugu, Pako Eizagirre Irureren ahots ederrez irakurriak eta Maitane Gartziandiaren ilustrazioek jantziak. Edizioa Eneritz Arzallusek egin du.
Tigre beldurgarriak, ehizan zebilela, harrapatu zuen azeri maltzurra.
– Ezin naik jan –esan zion azeri maltzurrak. Zeruko Enperadoreak izendatu naik, animali guztien errege. Jaten banaik, Zeruko Enperadorearen agindua hautsiko duk. Ez badidak sinesten hator nirekin. Eta heuk ikusiko duk, nola ihes egiten duten animali guztiek, ni ikusi orduko.
Tigre beldurgarriak ez zuen nahi, Zeruko Enperadorea haserrea pizterik. Eta, azeri maltzurrak esan bezala, elkarrekin abiatu ziren oihanean barrena.
Animali guztiek ihes egiten zieten, haiek biak ikusi orduko. Tigre beldurgarriak uste zuen, azeri maltzurraren beldur egiten zutela ihes. Eta ez zen ohartu ere egin, tigre beldurgarriaren beldur egiten zutela.