argia.eus
INPRIMATU
Azerbaijanek Nagorno Karabakh bonbardatzeari ekin dio eta gutxienez 25 lagun hil dira
  • "Terrorismoaren aurkako" operazio militar bat dela esan du Azerbajaingo Defentsa Ministerioak, eta Armeniako arartekoaren arabera jadanik hogeitabost lagun hil dituzte azerbaijandar armadaren bonbek. Nagorno Karabakheko armeniarrek gutxienez bederatzi hilabete daramatzate blokeo egoeran, Armeniarekin pasabide nagusia itxita baitauka Azerbaijango Gobernuak. Bi aldeak su-eten bat hitzartzen ari dira azken orduetan, hainbat iturriren arabera.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko irailaren 20a
Nagorno Karabakh-eko herriak bonbardatu ditu Azerbaijango armadak.

Azerbaijango Defentsa Ministerioak sare sozialetan "terrorismoaren kontrako" operazio militar bat iragarri eta gutxira hasi dira misil eta bonba jaurtiketak Nagorno Karabakheko Stepanakert hiriburuan eta beste zenbait herritan. Armeniako arartekoaren arabera gutxienez 25 hildako eragin dituzte bonbardaketek.

Bere komunikatuan, Azerbaijango Gobernuak dio "ordena konstituzionala" berrezartzeko operazioa dela eta armeniar indar armatuek egindako erasoei erantzuna dela.

Ordu batzuk lehenago, pertsonen kontrako mina batzuk lehertuta, lau militar azerbaijandar hil dira Jojavand-en eta Bakúk Armeniako armadari egozten dio eraso hori. Aldiz, Armeniako Gobernuak ukatu egin du erantzukizunik gertaera horretan eta Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari eta Errusiari laguntza eskatu die.

Hainbat iturriren arabera, bi aldeak su-eten bat negoziatzen ari dira azken orduetan Errusia bitartekari dela, eta laster bilera bat egitekoak dira Yevlakhen, Azerbaijango hiriburuan.

Armeniarrak eliminatzea

Nagorno Karabakh-eko Estatu Ministro ohi Artak Beglaryanen arabera, Azerbaijan artilleria astuna erabiltzen ari da herritarren kontrako "eraso masiboan". Ohar bidez azaldu duenez Azerbaijango Gobernuak Nagorno Karabakh herrialde menditsuko "120.000 armeniarrei zortzi hilabeteko blokeoa ezarri ondoren, gose eta eskasia moral eta psikologikora jazarrita, orain apropos eliminatu nahi ditu".

Herrialdeak Armeniarekin duen pasabide bakarra, Latxinekoa, itxita dauka Azerbaijango Gobernuak aspalditik. Gegham Stepanyan Nagorno Karabahkeko giza eskubideen defendatzaileak "genozidio bat" gertu dela ohartarazi du, eta gauza bera egin du herrialdeko Kanpo ministro Sergey Ghazaryanek.

2020an bake akordio baten bidez amaitu zen Armenia eta Azerbaijanen arteko bigarren gudua –lehenengoa 1990ean lehertu zen Sobietar Batasuna desegin ondoren–, baina geroztik tentsioa etengabea izan da bi herrialdeen artean, Nagorno Karabakh erdigunean dela.

Protestak Armeniako hiriburuan

Astearte iluntzean protestak zabaldu dira Armeniako hiriburuan, Erevanen, eta manifestari ugari gobernuaren egoitzan sartzen saiatu dira. Armeniako Gobernuaren jarrerarekin haserre dira armeniar asko, eta Nagorno Karabakheko armeniar kristau-ortodoxoak Azerbaijanen eskuetan abandonatzea egozten diote.

Azken aldian AEBetako armadarekin ariketa militarrak egin eta Washingtonekiko hurbiltasuna erakutsi du Erevanek, aldiz, Errusiarekiko harreman historikoki adeitsuak ez daude bere onenean. "Armeniak onartu du Nagorno Karabakh Azerbaijango parte dela, zer egin behar dugu?", esan zuen duela gutxi Vladimir Putin Errusiako presidenteak.

Gaiari buruzko informazio gehiago aurkituko duzu Nagorno Karabakhi buruzko gure kanalean.