argia.eus
INPRIMATU
Azenarioen kolore festa
  • Gustuko kolorerik bai? Galdetu azenarioari (Daucus carota subsp. sativus). Zuriak, gorriak, laranjak, moreak… denetatik bada. Gaur egun eskura ditugunak ia denak laranja kolorekoak dira. Zergatik, ordea, denetatik baldin badago? Zerk eragin du guregana azenario gorriak besterik ez etortzea? Ustekabeko batek.

Jakoba Errekondo 2022ko azaroaren 30

Duela 5.000 urte inguru, egun Iran-Afganistan aldea den lurretan, dagoeneko azenarioa lantzen zuten: azenario morea. Bere langintza handik datorrela dirudi, bertan dagoen azenario aukera handia dela tarteko. Itxuraz, hasieran ez zen sustrai lodikotea jaten; hostoak eta hazi lurruntsuak baliatzen zituzten, gaur egun bere senideei bezala: perrexila (Petroselinum sativum), mihilua (Foeniculum vulgare) eta sarpoila edo kuminoa (Cuminum cyminum). Sustraiak jaten ez zirenez, haren formak, tamainak, koloreak eta abarrek bost!

Gureganako migrazioa hasi zuen azenarioaren sustraiaren kolorea ez dugu ezagutzen, baina morea zela dirudi; moreak ziren haietatik gaurko laranjetarako bidea ez zen nolanahikoa izango. Tartean ezagutu dira zuriak, horiak, laruak eta laranjak. Grekoek eta erromatarrek sustraia jaten zutela aipatzen dute. Arabiarrek sartu zuten penintsulatik barrena Europan gora. Baten bati entzun izan diot azenarioa “zain horia”-tik datorrela eta hortik joan zela gaztelerazko “zanahoria”. Gehienek diote, aldiz, “zanahoria” hori arabeen “isfannariya” edo “safunnárya” izenetatik eratorria dela.

Herbeheretarrek diotenez, beraiek bihurtu zuten azenario laranja laranjena eta zaporetsuena. Agi danean XVII. mendean bere erretetxe “Orange-Nassau” zenaren omenez lortu zuten azenarioaren laranja kolorea laranjagoa egitea. Beheko herrialde horietatik kanpokoek diote ezetz, ez dela horrela, errege santu horiek geroagokoak direla, aurrez ere bazirela ondo laranjak ziren azenarioak eta abar. Xextra laranja. Espainiarrek beretzat nahi dute lehen azenario laranjaren arrastoa, 1602ko Juan Sanchez Cotanen “Ehiza, barazki eta frutazko natura hila” margolanean.

 

 

 

1602ko Juan Sanchez Cotanen “Ehiza, barazki eta frutazko natura hila” margolana.

 

 

 

Okasioak okasio, argi asko dago nagusitu den azenarioa laranja dela. Barietate landuenak, zabalduenak eta gozoenak hala dira. Indarrean datoz, ordea, bueltan beste koloretakoak. Gero eta gehiago ikusiko ditugu sukaldarien eskuetatik hasi eta dendetako apaletaraino. Boladak bolada dira; lehen laranja nagusitu eta orokortu den bezala hor datorzkigu zuriztak, horixkak, laruak, ubelak, gorriak eta abar. Osasunaren, argaltzearen, hobeto ikustearen edo dena delakoaren izenean ederki salduko dizkigute. Izan ere, egia da: gordinik janda, bere fluorra dela medio, hortzak garbitu eta txantxarra saihestuko duzu, eta larruazala leundu eta zimurgabetzeko jarri azenario orea. Dena dela kolorea.