argia.eus
INPRIMATU
Azenario mokofina
  • Esan banuen esan nuen. Behin irratsaio batean azenarioa (Daucus carota) mokofina zela esan nuen. Lagun bati irrifarrea aterarazi zion; urrutiagoko batek ikusten nauenero gogora ekartzen dit.

Jakoba Errekondo 2022ko ekainaren 16a

Mokofina da bai karrota, bastanaga, pastana, pastanada, pastanera, pastanagrea edo azenarioa. Mokofina, ahozuria, mutur-zuria… guztiz fina, alegia. Baratzean ez da errazen etortzen den barazki horietakoa, eta jende askok ezinezkotzat joa dauka. Egutegiko udaberrian eta udan ereiten da, eta oraintxe horien erdi-erdian gaudenez, adoretu eta arnasa eta asmoa hartu eta erein dezagun! Orain ereindakoak udaren amaiera eta udazkena gozatuko dizkigu. Utziz gero, baita negua ere. Azenarioa jaio eta bizi osoa egingo duen tokian ereiten da. Hurrengo udaberrira arte ez da garatu eta loratuko eta bitarte horretan jan daiteke. Bai, badaiteke, baina zenbat eta gazteagoa samurragoa, ahozuriarentzako azenario mokofina. Ez utzi handi-handi egiten, baldin eta errekorra eskuratu nahi ez baduzu. Lan handia hartu behar duzu horretarako: palanka batekin zuloa zabaldu, loreontzietarako erabiltzen den lur nahasketa harro hori sartu eta zain handia egiten duen barietateren bat erein, bi edo hiru hazi erein eta gero onena utziz bakandu. Astunenaren errekorra AEBetako Minnesotako Otsegoko Christopher Qualleyk du: 10,17 kiloko bat sortu zuen 2017an. Luzeenarena, berriz, Ingalaterrako Malverteko txapelketan neurtu zuten, Joe Athertonek zaindutakoa izan zen eta 6,245 metro neurtzen zuen. Gure etxean ez dugu horrelakorik nahi, ezta? Ez alajainena! Txiki, goxo, xamur horiek ederragoak dira, landu eta ikusteko bezala jateko.

Hemen ondo datorren barietateren bat eskuratzea da onena; Euskal Herriko hazi ekologikoak lantzen dituen Aleka elkarteak eskaintzen dituenak hiru dira: Colmar, Nantesa eta Morada. Hasteko nahikoa.

Azenarioarentzako lur harroa, urasetzen ez dena, pH neutroa duena (buztinik ez otoi, dio mokofinak) eta eguzki ordu ahalik eta gehien hartzen duen saila aukeratu. Errauts pixka bat nahasi lurrari. Harrotik gutxi badu mausarra edo hondarra ere bai.

Haziak uretan eduki bizpairu egunez beratzen; euri ura edo iturrikoa bada hobe. Askoz lehenago ernatuko da gero lurrean. Xukatu eta lur, buztin edo hare finarekin nahasi hautseztatutako haziak izan arte. Horrelaxe garbitu gabe ereingo ditugu, asko jota zentimetro bete lurperatuaz. Purrara zabaldu daitezke edo nahi izatera errenkadetan. Purra-purra eginez gero ez asko bota. Edonola ere, gero gaitzak ekiditeko eta hazkundea bermatzeko, bakandu edo miaztu egin behar izaten da saila. Horregatik erein errenkadetan, batetik bestera 10-12 cm utziz eta hazi batetik bestera 8 cm inguru. Honek bakantze lana murrizten du, baina hasieran tarteko belarrak kendu beharra dakar. Gaitzerdi; hasierako lana baita, eta azenarioaren mastra hazi denean berak hartuko ditu azpian, ilunpetan eta haztea eragotziko die. Lurrari heze eutsi, gutxienez ernatzen den arte. Azenarioak duen arerio nagusia euli bat da (Psila rosae). Berak jartzen dizkion arrautzetatik sortzen diren harrek azenarioa bueltan-bueltan jan eta lurrez zikinduta aterako dira. Eulia ez hurbiltzeko aldamenean porrua (Allium porrum) edota tipula (Allium cepa) jarri. Horiei ere lagunduko die azenarioak, etsai dituzten harrak sortzen dituzten sitsak (Acrolepiopsis assectella) uxatuz.

Loreontzian leiho-koskan edo balkoian, edo baratzean egin azenarioa. Azenario industrialaren eta etxekoaren arteko aldea dastatuz geu ere mokofindu gaitezen, otoi.