argia.eus
INPRIMATU
Azazetako zentral eolikoari ingurumen baimena eman dio Arabako Foru Aldundiak
  • Zortzi haize errota bilduko lituzkeen parkea eraikitzeko traba bat gutxiago du proiektua bultzatzen ari den Aixeindar taldeak. Eusko Jaurlaritzaren oniritzia jaso behar du orain. EH Bilduk eskatu du Arabako Mendiak parke natural izendatzea, zentral eolikoaren egitasmoa gelditu eta ingurunea babesteko helburuz.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko abenduaren 22a
Azazetan eraiki nahi dute zentral eolikoa, balio berezia duen natur eremuan.

Arabako Foru Aldundiak ingurumen baimena eman dio Aixeindarrek Azazetan eraiki nahi duen zentral eolikoaren proiektuari. Bernedo, Arraia-Maeztu, Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako inguruneak hartuko lituzkete eraiki nahi dituzten zortzi haize errotek, eta 40 MW sortuko lituzke. Horretarako, Aixeindarrek –Energiaren Euskal Erakundeak eta Iberdrolak osaturik–, 37 milioi euro gastatzea aurreikusten du.

Proiektuari hainbat helegite jarri dizkiote eta horren ondorioz haize errotak kokapenez zertxobait mugitu badituzte ere, Arabako Mendiak Aske plataformaren esanetan hori "ez da soluzioa". Plataformak ohartarazi du eremu horretan "korridore ekologiko garrantzitsua" dagoela eta kaltea "konponezina" izango dela.

Behin foru aldundiaren baimena izanda, orain Eusko Jaurlaritzaren oniritzia jaso behar du Jaurlaritza bera parte den Aixeindarrek, parke eolikoa eraikitzen hasteko.

Gasteizko Mendiak parke naturala

Astelehenean EH Bilduk proposamena luzatu zuen Gasteizko Mendiak parke natural izendatzeko. Gasteizko Udalean bertan aurkeztu zuten ekimena Mikel Otero, Eva Lopez de Arroyabe eta Rocio Vitero koalizio horretako kideek. "Gero eta nabariagoa da Eusko Jaurlaritzak uko egin diola Gasteizko Mendiak parke natural izendatzeari, interes ekonomikoak eta proiektuak ezkutatzen dituelako, balio natural handiko gune horren kontserbazioaren aurretik", azaldu zuten, Arabako Aleak jaso duenez.

Aldarrikapen historikoa da Gasteizko Mendiak parke natural izendatzea, lehen proposamena 2005ean egin baitzen. Orain babes bereziko eremu kontsideraturik dago mendilerroa eta Eusko Jaurlaritzak izendapen hori 5.000 hektareatara zabaltzea erabaki zuen arren, EH Bilduren esanetan "EAJ tranpa guztiak ari da erabiltzen ari da zentral eoliko bat babes eremu batean sartu ahal izateko".

Koalizio abertzaleko kideeen esanetan Azazetako proiektua gelditzeko bide bakarra ingurunea parke natural izendatzea da, eta dei egin die eragile eta erakunde guztiei bide horretan lan egitera.