Aixeindar enpresak Arabako zentral eoliko honetan ezarri nahi dituen zortzi haize erroten proiektuak Jaurlaritzaren baimena jaso du. Ebazpena maiatzaren 2an argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Bertan jartzen duenez, proiektuan hainbat aldaketa egin beharko dituzte, ingurumenean izango duen eragina murrizteko. Hilabeteko epea dago errekurtsoa jartzeko.
Aixeindarren proiektuaren arabera, zortzi haize errota jarri nahi dituzte Azazetan, 40 Megawatteko energia ekoizteko. Udal hauei eragiten die proiektuak: Bernedo, Arraia-Maeztu, Alegría-Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliaga.
Arabako Industria Administrazioko lurralde-ordezkaria den Pedro Rodríguez Díazek sinatua da administrazio-baimena, apirilaren 12an eta maiatzaren 2an argitaratu da. Baimen honetan proiektuak ingurumenean izango duen eragina murrizteko 16 esparru izendatzen dira.
Hartu beharreko neurrien artean daude, besteak beste: hiru errota lekualdatzea. Kokapen berrietan honako azterketak egin beharko dituzte proiektua exekutatu aurretik: azterketa botanikoa, hegazti-faunarena, zaratarena... Beste neurri bat da Azazeta Gainaren eta Donemiliagako Azpiestazioaren arteko tartean erdi-tentsioko linea lurperatzea.
Fauna babesteko, haize erroten geldialdi hauek jarri ditu baldintza moduan Jaurlaritzaren baimenak: maiatzaren 1etik urriaren 31ra, ilunabarra baino 30 minutu lehenagotik ilunabarra baino lau ordu geroagora arte, aldi berean 15 ºC-tik gorako tenperatura-kondizioak eta 7 m/s-tik beherako haize-abiadurak daudenean. Eta proiektuan elektrokuzioaren eta talkaren aurkako prebentzio-neurriak txertatu beharko ditu Aixeindarrek.
Goi-tentsioko lineaherriguneetatik 200 m-tik gorako distantziara mugitu beharko da, eta etxebizitza isolatuetatik 100 m-ra. "Hori ez bada bideragarria, bermatu beharko da fluxu-dentsitatea edo indukzio magnetikoa 100 µT-tik beherakoa dela" zehazten du Jaurlaritzaren baimenak.
Proiektua abiarazteko gehienezko epea bi urtekoa da. Jaurlaritzak esana du 2025erako martxan egotea espero duela.
2021eko apirilean argitaratu ziren oinarrizko proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa. Honen berri izan ostean, honako hauek aurkeztu zituzten alegazioak: Equo Berdeak, SEO Birdlife, Saguzarrak Zaintzeko eta Aztertzeko Elkartea (SECEMU), Ekologistak Martxan Araba, Gaden Elkartea, Arabako Natur Institutua (IAN-ANI), Mendiak Aske, Lautada Landa Garapenerako Elkartea, Lasierrako, Durrumako (Donemiliaga), Trokonizko, Korresko, Eginoko eta Añuako Administrazio Batzarrak eta Zalduondoko Udala; halaber, 3.236 alegazio partikular jaso ziren.
Maiatzaren 20an Gasteizen "Lurraren defentsan Euskal Herria Bizirik" manifestazioa deitua dute, besteak beste, Azazetako zentral eolikoaren aurka ari diren taldeek.