Aixeindarrek, Iberdrolak eta Eusko Jaurlaitzaren Energiaren Euskal Erakundeak osaturiko sozietateak, Azazetan egin nahi duen zentral eolikoarentzako ingurumen baimena lortu du administrazio publikoaren partetik. Nafarroan, ingurumen sailak jakinarazi du jadanik 35 azpiegiturari eman diela baimena legegintzaldi honetan, eta 1.400 MW-ko potentzia sortzeko gaitasuna izango dutela, azken 30 urtetan eraikitako berriztagarriekin sortzeko gaitasunaren adina.
Zentral eolikoen inguruko tramitazioek etengabe jarraitzen dute Hego Euskal Herrian eta ingurumen baimena lortu duten proiektuen inguruko datu gehiago eman dituzte sustatzaileek. Azazetan haizerrotak jarri nahi dituen Aixeindarrek –Iberdrola (%60) eta EEE sozietate publikoaren esku (%40)– ingurumen baimena lortu du jadanik.
Pasa den astean jakinarazi zuen Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Azpiegituretako sailburuak Labrazako zentral eolikoaren proiektuak ingurumen baimena lortua zuela jadanik eta Azazetakoarentzako baimena gertu zela. Bakoitzak 40 MWko energia sortzeko gaitasuna edukiko lukete eta horretarako 169 milioi euro gastatuko ditu Aixeindarrek. 2025 amaierarako martxan jarri nahi dituzte.
Hain justu joan den ostiralean, hilak 20, Gasteizko Udalak oso bilkuran mozioa onartu zuen Azazetako proiektua gelditu eta Gasteizko Mendiak parke natural izendatzea eskatzeko Eusko Jaurlaritzari. EH Bilduk, bere aldetik, Gasteizko Mendiak parke natural izendatzeko lanei berrekitea eskatu du Arraia-Maeztun: "Orain zentral eoliko bat eraiki daiteke duela urte batzuk arte parke natural izendatu behar zuten eremu batean", azaldu du udalerri hartako koalizioko bozeramaile den Ruth Ibisatek.
Berriztagarrien 35 azpiegitura Nafarroan
Nafarroako Gobernuko Ingurumen sailak foru erkidegoan berriztagarrien proiektuentzat jasotako eskaeren balantzea egin du publiko. Eman dituen datuen arabera 69 eskaera izan dira, energia arloa eta ekonomia "suspertzeko" neurriak onartzen zituen errege dekretuaren baitan.
Azaldu duenez, azken egunotan hainbat azpiegitura proiekturi eman die ingurumen baimena sail horretako zuzendaritza nagusiak: Cascanten eolikoen proiektu batentzako, Tuteran fotovoltaikoen bi proiekturentzako, eta Castejónen beste fotovoltaikoen proiektu batentzako.
Hala, legegintzaldi honetan guztira berriztagarrien 35 azpiegiturari eman die baimena Nafarroako Gobernuak. Denera 1.400 MW-ko indarra sortuko lukete proiektu horiek, azken 30 urtetan Nafarroan eraiki diren eoliko eta fotovoltaiko guztiak adina.