argia.eus
INPRIMATU
Ibilbideak (I)
Azazeta: haizea lagun Arabako mendietan
  • Arabako toki ezezagun bezain ederrean kokaturik, Azazeta errepideko bortu baten izena delako etorriko zaio askori burura, irratian neguan kateak behar direlako bakarrik entzuten dugun toki bakarti horietakoa. Baina Azazeta hori baino gehiago da. Eta orain ezagun egin zaigu makro-zentral eoliko bat eraiki nahi dutelako mendikatean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko abuztuaren 01a
Azazetako ingurunea. Argazkia: Leioa Mendi taldea

Arraia-Maeztuko udalerri barruan dagoen herri txikitxoa, Arabako Mendien babesean gordetzen den bailara polita osatzen du, basoz eta zelaiez inguratua. Eta fokua zabalduz gero, Arabako Mendialdeko Kuadrillan sartzeko atea ere bada; albistegietatik kanpo geratu ohi den Euskal Herri horretara pasabidea.

Hain justu, albiste batek ekarri du hedabideen agendetara Azazeta. Aixeindarrek bultzatuta –Iberdrola multinazionalak eta Eusko Jaurlaritzak osaturiko sozietatea– makrozentral eoliko bat egin nahi baitute mendilerroan –herritik kilometro ingurura–, 200 metroko garaierako zortzi aerosorgailu erraldoirekin. Proiektuari ingurumen baimena emana dio jadanik Jaurlaritzak eta 2025ean jarri nahi dute martxan. Gainera, bada eolikoen beste egitasmo bat ondoan, Laminoriako harrobiaren ingurumarian.

Azpiegitura horren kontra makina bat mobilizazio egin dituzte herritarrek eta talde ekologistek. Arabako Mendiak Askeren esanetan baso autoktonoen erreserba garrantzitsu bati eragingo dio proiektuak: “Iberdrolak Euskal Herriko birikez jabetu nahi du”, diote plataforma horretako kideek. Gainera, salatu dute haize-errota gehienak desagertzeko arriskuan dauden hegazti espezien eremu kritikoan jarri nahi dituztela –miru gorria, arrano beltza, sai arrea eta ugatza kasu–, eta hegazti migratzaile askoren igarobide ere badela mendizerra.

Aerosorgailuak jarri nahi dituzten tokitik hegoaldera Izkiko Parke Naturala dago, Europako ameztirik handiena gordetzen duena –eta ornitologia-turismoa egiteko ideala, Eusko Jaurlaritzaren turismo webguneak dioskun bezala–. Kapilduiko meteorologia radarrak mugatzen du parke naturala. Radarra tokiz kenduko omen dute, aerosorgailuen besoen indarra haraino iritsiko den beldurrez…

Inguru horretaz guztiaz (oraindik) gozatu ahal izateko badaude hainbat aukera. Okinara joan gaitezke hango sima ikusgarrian espeleologia egitera, edo Vasco-Navarro trenbidearen bide berdean bizikletan ibil gaitezke. Guk Arabako Mendien oinezko ibilbide zirkularra aukeratu dugu, PR A-61 deiturikoa. 33 kilometro eta 1.275 metroko desnibelarekin, egun batean edo bitan egin daitekeena. Zortzi herri zeharkatzen ditu, Antoñanako kasko harresitu ederra barne, eta ibilbidean Santa Teodosia bezalako ermita erromaniko zoragarriak aurkituko ditugu. Hori guztia Izki eta Iturrietako natur guneen artean, eta haizea lagun.

Fitxa teknikoa

Non

Arraia-Maeztu (Araba)

Nola iritsi

Gasteizko Salburuatik abiatzen den A-132 errepideak zuzenean eramango zaitu Azazetako gaineraino. Lizarratik, N-132-A errepidea hartu eta Santakurutze Kanpezura igarota, Arraia-Maeztun bidegurutzea dago aukeran, Azazetara edo Iturrietara joateko.

Informazioa

www.arabakomendialdea.eus webgunean, Arabako Mendialdeko Kuadrillako turismo atalean mapak, gidak eta informazio ugari aurkitu daiteke.

 

[Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2023 100 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]