argia.eus
INPRIMATU
Zergatik ez du onartzen nazioarteak Azawaden independentzia?
2012ko apirilaren 10
Tuareg talde bat Azawadeko banderarekin.

Tuaregek Malin azken egunetan bizitzen ari den egoera politiko nahasia baliatu dute zonaldea kontrolatu eta Azawad herrialdea, de facto bada ere, sortzeko. Izan ere, Afrikar Batasunak eta Europar Batasunak ez dute aldarrikapen hau onartu. Frantzia, Maliren kolonizatzaile izandakoa eta herrialdean oraindik interes ekonomiko ugari dituena, espreski agertu da Azawaden independentziaren aurka.

Hain zuzen ere, zonaldeko gatazkak jatorri koloniala du, Afrikako beste askoren antzera. Bere garaian, Frantziak bere interesen zerbitzura diseinatu zuen Mali eta herrialdeko tuaregak iparraldean baztertuta utzi zituen, hegoaldearen kontrolpean, Afrikan espezializatutako zenbait kazetarik nabarmendu dutenez.

Tuareg herria historikoki baztertua eta arrotza kontsideratua izan da kolonizatzaile eta herrialde berrien aldetik. Mali, Niger, Argelia, Libia, Burkina Faso eta Mauritanian banatuta, 1,5 miloi pertsonak osatutako herria dela estimatzen da. Tifinagh izeneko idazkera propioa dute, nagusiki nomadak dira eta basamortuan bizi dira.

Germán Leyens kazetariak egoerari buruz idatzitako analisiaren arabera, Mali Afrikako hirugarren urre ekoizlea da, Hegoafrika eta Ghanaren atzetik. Gainera, herrialdearen iparraldean, independentzia aldarrikatu duten gunean, Frantziak kudeatutako uranio erreserbak daude. Tuaregek uranio mehatzeen eta sortzen dituen irabazien gaineko kontrol gehiago eskatu izan diote gobernuari urteetan zehar. Era berean, azken urteetan zonalde honetan petrolio eta gas naturala bilatzeko saiakerak izan dira.

Zenbait hedabidek zabaldu dutenez, Al Qaedarekin lotutako zenbait talderen laguntza izan du Azawadeko Askapen Mugimenduak eta Maliko gobernuak uste horiei indarra eman nahi izan die, nazioartearen aurrean altxamendua deslegitimatzeko. Mendebaldeko herrialdeek ez baitute inoiz onartuko baliabide natural aberatsak dituen zonaldea muturrekotzat jotzen diren taldeen esku geratzea.

Testuinguru honen aurrean, oraindik ikusteko dago zer gertatuko den Azawad herrialdearekin; interbentzio militarra, negoziaketa edo estatu berriaren sorrera ofiziala dira aukerak. Badirudi oraingoz lehenengo aukerak duela indar gehien, Afrika Mendebaldeko Estatuen Komunitatea prest agertu baita Maliko mugara tropak bidaltzeko.