argia.eus
INPRIMATU
Azaroaren 7an jakingo da Iruñeko talde bortxaketaren epaiaren kontrako helegiteen ebazpena
  • Behin ebazpena publiko egindakoan, auziaren gaineko sententzia hilabeteren buruan emango da jakitera.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 08a
Epaia jakitera eman ostean egindako mobilizazioa Iruñean (Argazkia: Ekinklik Argazkiak)

Errekurtsorik onartzen ez duen auto baten bidez eman du berria, astelehen honetan, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko zigor aretoak. Auzitegiak azpimarratu du ez duela ahozko ikustaldirik egingo helegiteon gainean erabakia hartzeko, helegiteak aurkeztu dituzten aldeek luzatutako informazioarekin aski duela argudiatuz.

Sexu abusuak leporatuta, bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zien Probintzia Auzitegiko bigarren sekzioak Iruñean 2016ko sanferminetan neska bat taldean bortxatu zuten bost gizonezkoei. Epaiak erasoa bortxaketa izan zela aintzat hartu ez zuenez, haserrea eragin zuen eta akusazioek helegitea jartzeko asmoa adierazi zuten. Akusatuek ere intentzio berbera azaldu zuten. Datorren azaroaren 7an emango da jakitera helegite horien ebazpena.

Bost bortxatzaileak baldintzapean aske daude, eta Iruñekoaren antzerako beste talde bortxaketa batengatik epaituak izatear dira.

Sexu-abusua Lasarte-Orian

Lakuako Segurtasun sailak adierazi duenez, igande goizaldean Lasarte-Orian sexu-abusuak jasan izana salatu du emakume adingabe batek. Ertzaitzak gertatutakoaren gainean ikerketa zabaldu du.

Lasarte-Oriako Udaleko eledunen batzordea astelehen goizean bildu da erasoaren gaineko adierazpen bat kaleratu eta elkarretaratzea deitzeko. Mugimendu Feministak, bere aldetik, elkarretaratzea deitu du 19:00etan, eta Udalak bat egin du deialdiarekin.