argia.eus
INPRIMATU
Manifestazio nazionalera deitu du Kontseiluak azaroaren 4rako Bilbon, “euskararen aurkako oldarraldia” salatzeko
  • Kontseiluak deituta, ehundik gora norbanako eta gizarte eragilek agerraldia egin dute Bilbon, azken hilabeteetan epaitegietatik euskararen aurka ateratzen ari diren ebazpen sortaren aurrean beren kezka eta haserrea erakusteko. Azaroaren 4ean Bilbon egingo den manifestazio nazionalean parte hartzera dei egin dute, euskararen eta herritar guztien "hizkuntza eskubideen alde".

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko maiatzaren 10
Agerraldi jendetsua egin dute Bilbon EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean. (Argazkia: Kontseilua)

Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin du asteazkenean beste hainbat eragilerekin batera Bilboko Kafe Antzokian –euriagatik–.  Amaitutakoan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren Bilboko egoitzaren aurrean argazkia atera dute. Bertan elkartu dira, besteak beste, abokatu eta juristak, kazetariak, akademikoak, euskalgintzako kideak, sindikatuetako ordezkariak, eta askotariko eremuetan aritzen diren pertsonak. Hemen ikus daiteke bertaratutakoen zerrenda PDFan.

Ohartarazi dute azken aldian epaitegiak ematen ari diren sententziak euskararen normalizazioan egindako bidean atzerapausoak direla. "Epaitik epaira kezka larritzen ari zaigu, gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat", adierazi du Idurre Eskisabel Kontseiluko buruak.

Erandion udaltzain jarduteko euskararen hizkuntza eskakizunaren derrigortasuna atzera botatzea izan da azken epaila. Argudio gisa Uliazpi Fundazioaren lan-deialdiaren aurkako sententzia erabili da. Agerraldian gogorarazi dute azken epaien eragin eremuan "lau biztanletik hiruk uste dutela euskaraz jakin behar" dela administrazioan lan egiteko: "Epaileak hizkuntza-politika egiten ari dira, kontsentsu zabalean oinarritutako neurrien eta horretarako eskumena duen botere legegilearen gainetik".

Manifestazioan azaroaren 4an

Larritasun honen aurrean, mobilizazio soziala "ezinbestekoa" dela azpimarratu dute: "Gizarte eragileoi dagokigu desadostasuna kalean erakustea. Bada garaia urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko". Euskararen biziberritze prozesuaz harago, "milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna auzitan" dagoela gehitu dute.

Honenbestez, dei egin die euskararen eta herritar guztien hizkuntza-eskubideen alde dauden eragile eta norbanakoei azaroaren 4ean Bilbon egingo duten manifestazioan parte hartzera.

Agerraldi jendetsua egin dute. (Argazkia: Kontseilua)