Azpeitiko epaitegian deklaratu beharko dute ekainaren 5ean. Zumaia eta Zarautz arteko A-8 autobidearen mozketari loturik, "desordena publikoa" egozten diete. Egun berean 09:50ean elkarretaratzea eginen du mugimendu feministak, elkartasuna adierazteaz gain, prozedura judiziala bertan behera uztea galdatzeko.
Zumaiako mugimendu feministak ohar bidez jakitera eman du, azaroaren 30eko greba feminista orokorrari lotuta, hiru kidek deklaratu beharko dutela, leporaturiko "desordena publikoaren" harira. Zumaia eta Zarautz arteko A-8 autobidearen mozketari lotua da prozedura. Mobilizazio horretan bi grebalari feminista identifikatu zituen Ertzaintzak eta deklaratzera deituriko hirugarrena, haatik, eguerdiko eta iluntzeko mobilizazioetara deitzen zuen informazio orria bidali zuena da.
Ekainaren 5ean deklaratu beharko dute Azpeitiko epaitegian. Urola Kostako koordinakunde feministak elkarretaratze batera deitu du, egun berean 09:50ean auzitegiaren aitzinean, prozedura judiziala bertan behera uztea eskatzeko eta elkartasuna adierazteko. Leporaturikoarengatik sei hilabete eta hiru urte arteko presondegi zigorrak aurreikusten ditu legeak. Beste behin, zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldarria zabalduko dute elkarretaratzetik.
Azaroaren 30 goizaldean hainbat grebalarik Arroako autobideko irteera moztu zuten, bidesari aitzinean eserialdia eginez. Auto-ilara luzeak sortu ziren Zumaia eta Zarautz arteko autobidean. Hego Euskal Herri osoan bideraturiko greba feminista orokorraren baitako ekintza izan zen.