argia.eus
INPRIMATU
Azaroaren 30ean galdetuko zaie itziartarrei auzo-udal bihurtzeko espedienteaz
  • Debako osoko bilkurak erabakita, azaroaren 30ean egingo da iritzi bilketa Itziarren, auzo-udal bihurtzeko udaletxeak onartutako txostenarekin herritarrak ados dauden ala ez jakiteko.

Unai Brea @unaibrea2 2014ko urriaren 31
Maiatzaren 25ean Itziar auzo-udal bihurtzeari buruzko kontsulta ez-loteslea egin zen. %72ko parte hartzea izan zen, eta %95ek bozkatu zuten auzo-udala eratzearen alde. (Arg.: Denon Herria).

Bertako herritarren gehiengoak onartzen badu, Itziarrek hainbat eskumen bereganatuko ditu, eta Debako aurrekontuen portzentaje bat ere izango du eskumen horiek kudeatzeko, zergak biltzeko gaitasunik ez izan arren.

Auzo-udalaren gobernua auzo-alkateak eta beste lau kidek osatuko dute; lehenbizikoa zuzenean aukeratuko dute herritarrek, eta ez du zertan alderdi politiko bateko kidea izan. Gainerako lauren banaketa, berriz, udal hauteskundeetako emaitzen arabera erabakiko da. Hauteskundeak egin bitarteko tarterako, Aldundiak izendatuko du organo kudeatzaile bat, azken hauteskundeen emaitzetan oinarrituta.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2003an onartu zuen auzo-udalak eratzeko aukera ematen duen araua. Ordura arte Debatik erabat bereizi nahian zebiltzan Itziar Herria Sortzen taldeak, legeak eta Debako Udalak berak jartzen zizkioten oztopoak ikusita, formula horren aldeko apustua egin zuen. 2010ean, Udaleko osoko bilkurak prozedura martxan jartzeko lantalde bat sortzea onartu zuen. Haatik, taldeak ibilbide laburra izan zuen, “alkateak eta udal gobernuak ez zutelako bat egiten guk genioenarekin”, Itziar Herria Sortzen taldeko zinegotzi Andoni Aranbururen esanetan.

Legegintzaldi hau hastean ekin zitzaion berriz prozedurari. Hala, 2013ko urriaren 9ko osoko bilkurak aho batez onartu zuen Itziar auzo-udal bihurtzeko egitasmoaren txostena. Legeak ezarritako hurrengo urratsa Itziarko herritarrei galdetzea zen, baina orduan Gora Deba taldea sortu zen, auzo-udala eratzearekin erabateko desadostasuna agertu zuena.

Gora Debaren sorrerak zenbait alderdiren (EAJ, EA, eta Ezker Anitza) posizioak aldarazi zituen. Bozketa errepikatu eta hamahiru zinegotzitik zortzik baino ez zuten eman lehen aho batez onartutakoaren aldeko botoa. Foru arauak bi hereneko gehiengoa eskatzen duenez (bederatzi boto), prozedura gelditu egin zen.

Bitartean, Deba eta Itziarko herritarrak biltzen dituen Denon Herria plataforma sortu berriak, udalaren laguntzaz, herri-kontsulta antolatu zuen. %72ko parte hartzea izan zen, eta ia %95ek auzo-udala sortzearen aldeko botoa eman zuten.  

Azkenik, Aldundiak baimena eman dio Debako Udalari prozedura aurrera eramateko, foru arauak bi hereneko gehiengoa eskatu arren espainiar legediaren arabera gehiengo sinplea besterik ez delako behar.

Horrenbestez, urriaren 30eko osoko bilkurako azken tramitea besterik ez zen falta. Hortxe onartu dira iritzi bilketa egiteko data eta antolakuntzari dagozkion beste hainbat xehetasun. Azaroaren 30ean izango da, eta horrek bai, maiatzekoak ez bezala, balioa izango du juridikoki. Maiatzekoa ikusita, azarokoaren emaitza zein izango den igartzea ez da zaila.