argia.eus
INPRIMATU
Azaroaren 20ra arte izanen da aukera “nafar hegoaldeko uzta” eskuratzeko
  • Errigorak hiru saski jarri ditu aukeran: txuria, beltza eta berdea. Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara bideratuko dute dirua: Agerraldia ekimenera, AEKra, Sortzenera eta Ikastolen Elkartea.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2019ko urriaren 30a
Kanpainaren aurkezpena, Katakraken (argazkia: Errigora).

Urriaren 30etik azaroaren 20ra izango da Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainaren 2019ko edizioa. Urtero bezala, data hauen artean Nafarroa hegoaldeko produktu bikainez osatutako saskiak eskatu ahal izango dira. Alabaina, aurten eskaintza berrituarekin dator Errigora: ez bat, ez bi; 3 saski izango dira aukeran.

Nafar hegoaldeko ekoizpena sustatzeko eta euskarari laguntzeko helburua du kanpainak. Saskiak eskatuta, hauen balioaren %25 Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzari emanen zaio. Auzolana da kanpaina hau posible egiten duena. Ehunka lagun ari dira, borondatez, kanpainaren berri eman eta eskaerak jasotzen.

Gaurtik azaroaren 20ra arte egin daitezke eskaerak. Bi modu daude horretarako.

    - Eskuorrien bitartez Euskal Herriko 200 herritan aurkitzen diren 700 puntutan

    - On-line https://errigora.eus helbidean.

Ordainketa egiteko bi aukera ere izanen dira aurten: online, txartel bidez ordainketa aurretiaz eginda utzi ahal izanen da edo saskiak jasotzean ordaintzeko aukera ere izanen da.

Aurtengoan diru-ekarpenean ere badago berritasunik. Batetik, orain arte bezala, diru-ekarpena jasoko dute: Zonalde zigortuko ikastolek (Vianako Erentzun, Lodosako Ibaialde eta Tuterako Argia ikastolek), AEK-k eta Sortzenek. Baina, aurten, honez gain, Agerraldia  ekimen berrira ere bideratuko dute diru-ekarpenaren zati bat. Nafarroako erdialdean eta hegoaldean euskara bultzatzeko eta laguntzeko beste urrats bat eman nahi du Errigorak. "Bide praktikoa eta eraginkorra egin nahi dugu, bertako euskaldunak eta euskaltzaleak protagonista eta sustatzaile izanen dituena, saretzean eta elkarlanean oinarritua, eta emaitza gisa jarduera eta ekintza zehatzak ekarriko dituena, euskararen ezagutza zabaltzeko, erabilera handitzeko eta aldeko jarrerak indartzeko".

2013an egin zuen Errigorak lehenengoz kanpaina hau eta dagoeneko ia 1.000.000€ bideratu dituzte Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskarari hauspoa ematen ari diren proiektuetara.